Saioa Garmendia: "Emozioak menperatuz gero, arazoei aurre egiteko gai izango gara"

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 22a, 11:00
Saioa Garmendia. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Ongizate emozionala eta autozainketa lantzeko tailerra gidatuko du Saioa Garmendiak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1979) datozen asteetan Azpeitian, udalak bultzatuta. Interes handia sortu du ikastaroak; bi talde osatu dira. 

Urteak eman dituzu adinekoen egoitzetan lanean, eta lanbide hori utzi, eta zaintzari lotutako tailerrak ematen hasi zinen 2020an. Zerk bultzatu zintuen horretara?

Beti zaintza arloari lotuta egon naiz, bai pertsonalki, bai profesionalki. Lanean sarritan heriotza gertutik bizitzea tokatzen zitzaidan, eta horregatik, ikasketa batzuk egin nituen, gai horri lotuta; ondoren, tesina bat ere garatu nuen. Orduan konturatu nintzen zaintzaileek zer behar zituzten. Haiei emozioen kudeaketan laguntzeko, proiektu bat jarri nuen martxan: Zaintzailea zainduz, laguntza eta atseden tailerra. Nahi gabe hasi nintzen zaintzaileei saioak ematen, eta gauza batek bestea ekarri zuen. Tailer horietan ongizate emozionala lantzen nuen, eta nahiz eta horri lotutako ikasketa batzuk banituen, gehiago formatzea erabaki nuen: ongizate emozionala, autozainketa, autokontrola, autoestimua, mindfulness, coaching... ikasi nituen. 

Orain, zaintzaileei ez ezik, gainontzeko herritarrei ere ematen dizkiezu tailerrak. Nolatan zabaldu zenuen profila?

Zaintzaileekin lanean hasi nintzen arren, konturatu nintzen oinarrian lantzen nuena ongizate emozionala zela, eta hori beste profil batzuetako pertsonentzat ere lagungarria izan zitekeela. Norbere zainketa denentzako da baliagarria. 

Gero eta gehiago entzuten da ongizate emozionala zaindu behar dela. Baina zer da hori?

Haurrek gorputz hezkuntza lantzen dute ikastetxeetan, autozainketa fisikoa oso barneratuta daukagu, baina autozainketa emozionala nork lantzen du? Pilotu automatikoa piztuta bizi gara, eta ez gara konturatzen ongizate emozionala denon beharra dela. Noiz konturatzen gara behar horretaz? Gaixotasun bat etortzean, gertuko norbait hiltzean, bikotekidearekin uzten dugunean... Zerbaitek astintzen gaituenean. Triste gaudenen, ez diogu horri jaramonik egiten, eta aurrera egiten saiatzen gara,  sentimenduei ihes egiten. Baina sentimendu horiek kanpora ateratzen ez baditugu, hor jarraituko dute, eta lesio batekin edo hagineko minarekin azaleratuko dira. Dena lotuta dago; emozioak denaren nukleoa dira, eta horiek lantzea beharrezkoa da. 

Zertarako?

Hobeto bizitzeko. Ongizate emozionala da norbera bere buruarekin eta aldamenekoarekin ondo, eroso, lasai eta armonia batean sentitzea, eta emozioak menperatzea ere bai: emozioak menperatuz gero, arazoei aurre egiteko gai izango gara. Horrek ez du esan nahi arazorik izango ez dugunik; bizitzan denok izango ditugu arazoak, baina horiei hobeto egingo diegu aurre.

Eta zer da autozainketa?

Gure buruarekin ondo egoteko egiten ditugun ekintzak. Autozainketa izan daiteke fisikoa, intelektuala, emozionala, espirituala, soziala... Autozainketa fisikoa oso ondo menperatzen dugu, baina autozainketa emozionala ez. Autozainketa emozionala da norbera nola dagoen kontziente izatea, emozioak ulertzea, eta horiei denbora eta espazioa eskaintzea. Baina ez dakigu hori egiten. Zergatik? Ez digulako inork horri buruz hitz egiten, ez delako lantzen. Eta gu ondo egoteko beharrezkoa da arlo horren zainketa ere.

Azpeitian emango duzun tailerraren antzekoak gidatu dituzu beste zenbait herritan. Jendeak zer kezka eta behar ditu?

Jendeak sekulako beharra dauka emozioak lantzeko. Uste dugu triste gu bakarrik sentitzen garela, arazoak guk bakarrik dauzkagula, eta denoi gertatzen zaizkigu halakoak. Bizi izandakoaren arabera, bakoitzak bere motxila du, baina azkenean, denok behar berberak dauzkagu: denok nahi dugu norbaitek maitatzea, ondo sentitzea... Berdin du guapoa zaren, zatarra zaren ala dirua daukazun. Denok behar berberak ditugu; denok berdinak gara. 

Zer-nolako dinamikak landu ohi dituzu saioetan?

Dinamika ezberdinak, ongizate emozionalari lotutako gai ezberdinak lantzeko. Arnasketari ere garrantzi handia ematen diot; sekulako erreminta da arnasketarena. Horrez gain, ezinbestekoa da tailerretan giro goxoa, konfiantzazkoa eta erosoa egotea. Izan ere, gure barruko gauzak lantzen ditugu saioetan. Horregatik, talde txikiak izan ohi dira, hamabi lagunekoak. Eta argi izan behar dugu saioetan hitz egiten dena saioetan gelditzen dela. 

Jendeak emozioak lantzeko beharra duela aipatu duzu. Zer nabari duzu gizartean?

Jendea ez dago ondo emozionalki. Besteek zer esango duten pentsatuz bizi gara, eta askotan gutaz espero dutena egitera mugatzen gara. Tailerretan ikusten dut jendeak asko daukala barruan gordeta. Askotan ez dakite barruan zer daukaten ere, eta gaiak lantzen hasten garenean egiten dira kontziente barrukoaz. Jendeak noiz dauka aukera sentitzen duena lasai adierazteko? Hori da ni lortzen saiatzen naizena. 

Zer garrantzi ematen zaio norbere buruaren zaintzari?

Garrantzi erabatekoa ematen diogu kanpoko itxurari. Eta, gainera, are gehiago bultzatu dute hori sare sozialek. Gizarte hedonista, perfekzionista, batean bizi gara, eta horrek sekulako frustrazioak eragiten ditu. Kanpoko itxurari garrantzi handia ematen diogu, baina barnekoari ez, eta barnekoari ere jaten eman behar zaio. Ni barrutik ondo ez banago, ingurukoekin ere ez naiz ondo egongo. Barrutik ondo zaudenean, lasai zaudenean, arazoei hobeto egiten diezu aurre. Horretarako pilula bat egongo balitz, denok hartuko genuke, baina esfortzu bidez lortzen da hori.

Zer landu behar du jendeak?

Autozainketa ezberdinen oreka behar dugu ondo sentitzeko, eta horren barruan, ezinbestekoa da autozainketa emozionala ere. Norberak egin behar du bere bizitzan aldaketa, baina ez hori bakarrik: ikastetxeetan ongizatea landu behar da, buru osasuneko mediku gehiago behar dira osasun sisteman... Gizarte osoak egin behar du lanketa. Elkarrekin bizi gara, eta norberak lanketa hori eginez gero, besteekiko ere eragiten du onura. 

Gizarte osoaren nahia da zoriontsu izatea. Ba al da horretarako gakorik?

Zer da zoriontsu izatea? Oso erlatiboa da hori. Zoriontsu izatea ez da publizitatean eta telebistan saltzen digutena; norbaitentzako izan daiteke lanik ez egitea eta mendi puntan bizitzea, eta beste batentzako, lanpostu on bat lortzea, ezkontzea, umeak edukitzea eta etxe eder bat izatea. Hala ere, zoriontasuna momentuak dira; egon zaitezke lagun batekin elkarrizketa gozoan terraza batean, eta momentu horretan zoriontsu zarela sentitu. Baina helburu bezala beste zerbait saltzen digute: bizitza perfektua. 

Agian, orekan egotea izan behar luke helburua?

Hori da. Ezinezkoa da saltzen diguten zoriontasun hori eskuratzea, arazorik ez izatea eta une oro ondo egotea. Izan ere, bizitza aldaketak dira, eta aldaketa horiei ahalik eta ondoen aurre egitea da gakoa.

Bi ikastaro antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Batetik, literatura, artea eta historia lantzea helburu dituena, Deustuko Unibertsitateko irakasleen eskutik; eta bestetik, ongizate emozionala eta autozainketa tailerra, Saioa Garmendiak gidatuta. Bi ikastaroetan plaza guztiak bete dira dagoeneko. Dena den, ongizate emozionalaren tailerrean parte hartu nahi dutenek 'hezkuntza@azpeitia.eus' helbidera idatz edo 943-25 50 06 ala 688 84 51 18  telefonoetara dei dezakete, beste saioren bat eginez gero ere.