Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua, prest

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 14a, 11:48
Iagomago gertuko magia egiten iazko Txisteratik Egun Magikoko poteoan. (Kulturaz)

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dituzte Txisteratik egunaren barruko ekintza eta ikuskizun guztiak. Gertuko magia nahiz oholtzako magia izango dira aurtengo edizioko osagarri nagusiak, baita Soreasun egin ohi duten gala berezia ere. Sarrerak salgai daude dagoeneko. 

Labetik atera berri dute 2022ko Txisteratik Egun Magikoaren egitaraua. Uztailean aurreratu zuen Kulturaz kooperatibak Txisteratik egunaren data, eta orain aurtengo edizioaren xehetasunak plazaratu dituzte. 

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean egingo dituzte VI. Txisteratik Egun Magikoaren barruko ekintzak. Azken urteetan bezala, ostiral arratsaldetik larunbat gauera bitartean magia izango da protagonista Azpeitian. Aurtengo egitarauko osagai nagusiak gertuko magia eta oholtzako magia izango dira, baina gala nagusiak ere ez du hutsik egingo.

Egitaraua prest, sarrerak salgai

Mario Lopez magoaren gertuko magia emanaldiak irekiko du egitaraua hilaren 30ean. Lopezek 19:00etan hasita eskainiko du ikuskizuna Dinamoa sormen gunean. Emanaldira bertaratu nahi dutenek sarrerak eskuratu beharko dituzte. Horiek eskuragarri daude Sanagustin kulturgunean nahiz kulturaz.eus webgunean. 

Larunbatean, urriaren 1ean, arrakastatsua izan ohi den gertuko magia-poteoa izango da Alde Zaharreko kaleetan. 12:30etik aurrera askotariko trikimailuak egingo dituzte aurtengo Txisteratik Egun Magikoan parte hartuko duten magoek. 

Arratsaldean ikuskizunak izango dira herritarren gozagarri. 17:00etatik 19:00etara bitartean Julen eta Sergio magoek gertuko nahiz oholtzako magia ikuskizunak eskainiko dituzte herriko hainbat txokotan. Horien ostean, 19:00etan, hasiko da Txisteratik Egun Magikoaren gala nagusia.

Urtero bezala, Soreasu antzokiko galak itxiko du egitaraua. 19:00etan hasiko da gala berezia, eta sei magok parte hartuko dute bertan. Hain zuzen, Mario Lopez, Txoborro, Tor, Maria Arandia, Iagomago eta Imanol Ituño izango dira oholtzara igoko diren magoak. Gala nagusirako sarrerak ere Sanagustin kulturgunean nahiz Kulturazen webgunean izango dira eskuragarri. 

Aurtengoa Txisteratik Egun Magikoaren seigarren edizioa izango da. Pandemia garaiko geldialdiaren ostean iaz itzuli zen magiaren eguna herrira, eta hainbat berrikuntza izan ziren egitarauan. Besteak beste, gertuko magia lehiaketa egin zuten Dinamoa sormen gunean, eta Maria Arandia izan zen irabazle.  Arandiak aurtengo edizioan parte hartuko du.  Magia-poteo lehiaketa ere egin zuten iaz, eta Sergio Martinez bilbotarrak irabazi zuen. Hona hemen iazko edizioko magia-poteoaren bideoa