Irailaren 24a arte eman daiteke izena Udal Euskaltegiaren ikastaroetan

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 13a, 18:04
Eneritz Albizu, Raul Montero, Juan Puerta eta Inge Beloki, udal euskaltegien matrikulazio kanpaina berriaren materialarekin.(Azpeitiko Udala)

"Herritar guztientzat moduko eta denetariko ikastaroak" eskainiko dituzte aurten ere, eta "azken urteotako esperientzia ona ikusirik", hainbat mailatan ikastaroak online egiteko aukera ere eskainiko dute. Beka sistemaren bidez, aurten ere "maila guztietan euskara doan" ikas daitekeela nabarmendu du udalak. Bestetik, udaberrian martxan jarritako ikastaro laburrek jarraipena izango dute udazkenean; ulersaioak eta merkatariei zuzendutako ikastaroak emango dituzte.

2022-2023 ikasturtea abiatzear da Azpeitiko Udal Euskaltegian, eta aurtengorako prestatu duten eskaintzaren berri eman dute udaleko zein euskaltegiko arduradunek, beren esperientziaz hitz egin duten bi ikaslerekin batera. Irailaren 24a arte eman daiteke izena ikasturte berriko ikastaroetan euskaltegian bertan (Perdillegi kalea, 1), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 18:00etara. Ikastaroen gaineko informazio osoa eta beka sistemaren xehetasunak jasoko dituzte bertaratzen direnek.

"Euskaraz jakin arren hobetu edo tituluren bat atera nahi dutenentzat, euskaraz ikasten hasiak direnentzat, lehen urratsak egin nahi dituztenentzat... herritar guztientzat moduko eta denetariko ikastaroak antolatuko dira aurtengorako" udal euskaltegian. Besteak beste, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetako tituluak ateratzeko ikastaroak eskura dituzte herritarrek Azpeitiko euskaltegian bertan "goiz, arrats zein gauez" bertan ematen dituzten saioetan. Aurrez aurreko saioak ez ezik, eta "azken urteotako esperientzia ona ikusirik", hainbat mailatan ikastaroak online egiteko aukera eskainiko dute hastear den ikasturtean ere.

Erraztasunak eta doakotasuna

Udal Euskaltegian euskara ikasteko eskaintzen diren erraztasunak eta doakotasuna nabarmendu ditu Eneritz Albizu udaleko Euskara batzordeburuak. Azpeitian, "euskara ikasi nahi duen edonork du horretarako aukera", Albizuren hitzetan. Udalerrian erroldatuta egon eta saioetan gutxieneko asistentzia betez gero, "maila guztietan da doakoa euskara ikastea", dio batzordeburuak, euskaltegia "herritarren beharretara egokitutako ordutegiak jartzen saiatzen" dela gaineratuta.

Euskara Azpeitian "integratzeko ezinbesteko tresna" dela nabarmendu nahi izan du Albizuk: "Gurea arnasgune bat da, euskaraz bizi gaitezke hemen. Hori, hein batean, posible da herritar askok euskarara hurbiltzeko eta hura ikasteko konpromisoa hartu dutelako urte askoan. Bide horretan, gure esku dauden erraztasun guztiak ematen jarraituko dugu".

Juan Puerta eta Raul Montero euskaltegiko ikasleak dira, eta datorren ikasturterako ere eman dute izena. Euskara ikastaroak egiteko arrazoi desberdinek bultzatuta hasi ziren, baina ikasteko "giro ona" dutela eta euskaltegira "gustura" joaten direla diote biek. Puertak bi urte daramatza hemen bizitzen; iaz, bi maila batera egin zituen euskaltegian. "Lanerako beharrezkoa dut. Ertzaina naiz, eta herritarrekin ditudan hartu-emanetarako, elkar ulertzeko zein dokumentuak euskaraz egiteko beharrezkoa dut. Horretaz gain, nire bikotekidearen familia euskalduna da, eta euskara ezinbestekoa dut haiek eta haien izateko modua ulertzeko", azaldu du. Montero, berriz, azpeitiarra eta euskalduna da, eta "euskara hobetzeko" hasi zen euskaltegira joaten, duela bi urte: "Aurten C1 maila egingo dut euskaltegian, eta erronka edo mugarri bat da niretzat hori".

Inge Beloki Udal Euskaltegiko zuzendariak, bere aldetik, herritarrak animatu nahi ditu euskaltegiaren eskaintza ezagutzera eta ikastaroetan izena ematera: "Euskaraz zerotik ikasi nahi edo behar duenarentzat, bere euskara hobetu nahi duen azpeitiarrarentzat, etorkinentzat, lanerako euskara behar duenarentzat… guztientzako ikastaroak ditugu, behe mailetatik hasi eta C2 mailara arte. Interesa duena etor dadila eskaintzaren eta aukeren berri jasotzera udal euskaltegira".

Ikastaro laburrak ere bai

Ikasturte osorako ikastaroak ez ezik, ikastaro motzagoak egiteko aukera ere bada Azpeitiko Udal Euskaltegian. Joan den udaberrian iragarri bezala, ulersaioak eta merkatariei zuzendutako ikastaro laburrak egiteko aukera izango da udazkenean euskaltegian.

Ulersaioei dagokienez, irailaren bukaeratik azarora, bi orduko hiru saio emango dituzte astean (60 ordu guztira). Udalak azaldu duenez, "ikastaro hori Aldaitz ikerketaren barruan eskainiko dute, eta ezinbestekoa izango da izena ematen dutenek euskaraz ez ulertzea. Ezer ez ulertzetik ulermenean A2 maila izateko gaitasuna lortzea da helburua eskaintza honetan".

Merkatariei zuzendutako saioak, berriz, urritik abendura emango dituzte eta 20 ordu inguruko ikastaroak izango dira.