Euskaltegiko eskaintza zabaldu dute euskarara hurbildu nahi duten herritarren beharrei erantzuteko

Maialen Etxaniz 2022ko mar. 30a, 08:53
Bertaneko, Udal Euskaltegiko, Elkar-ekineko eta udaleko ordezkariak nahiz euskara ikasten dabiltzan hainbat herritar. (Maialen Etxaniz)

Ohikoez gain, lau ikastaro eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Udal Euskaltegian, euskaraz aritu, hobeto ulertu eta ahozko jardunean trebatu nahi duten herritarrei zuzenduta. Elkar-ekineko, Mintzapraktiketako nahiz Bertaneko kideek identifikatutako beharrei eta proposamenei erantzun nahi die eskaintza berriak, euskara "integraziorako tresna" dela iritzita. Zaintza lanetan nahiz ostalaritzan aritzen diren atzerritarren beharretan ere jarri dute arreta. Era berean, euskaldunei eskatu diete hizkuntza ohiturak zaintzeko eta lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz jabetzeko. Dagoeneko eman daiteke izena uda aurreko ikastaroetan. 

Azpeitiko Udal Euskaltegiak eskaintza zabaldu eta lau ikastaro eskainiko ditu datozen hilabeteetan, nahi duten herriterrei euskara erabiltzera animatu eta haiei ezagutza errazteko helburuz. Azpeitiko Udalak herriko beste hainbat eragilerekin izandako hartu-emanaren fruitua da aurkeztu berri duten eskaintza; izan ere, Elkar-ekinek, Bertan merkatari elkarteak eta Mintzapraktikako kideek identifikatutako askotariko beharrei erantzuteko xedez eskainiko dituzte saioak Udal Euskaltegian. Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak, Inge Beloki Udal Euskaltegiko zuzendariak, Bertan merkatari elkarteko teknikari Xabier Aldalurrek, Mintzapraktikako kide Joanito Amenabarrek, Elkar-ekineko Imanol Agirrek eta Najat Ouaissa dendariak eta Giselle Martel zein Rosmeri Rubio zaintzaileek eman dituzte eskaintzaren inguruko xehetasunak. 

Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak azaldu duenez, udalaren helburua da "herritarren beharrei egokitutako eskaintza osatzea eta euskarara hurbildu nahi duen edonork horretarako aukera izatea". Hori dela eta, eskerrak eman dizkie proposamenak egin eta Udal Euskaltegiko "eskaintza borobiltzen" lagundu duten eragileei. Profil desberdinetako herritarren beharrei erantzun asmoz eskainiko dituzte ikastaroak, eta besteak beste, euskaraz ez dakiten haur euskaldunen gurasoei, Azpeitian "integratzeko bidean" dauden herritarrei edo lana tarteko hizkuntza ikasteko nahikoa denbora ez dutenei zuzenduta daude.

Azken sektore horretan jarri du arreta Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Hark azaldu duenez, integrazio bidean dauden herritar ugarik  "kalteberak" diren esparruetan egiten dute lan, zaintzan edo ostalaritzan, esaterako. Eremu horietan euskararen ezagutza faltak "zailtasunak" sortzen dituela adierazi du Goenagak: "Zenbait etxetan agureek ez dakite gazteleraz hitz egiten, eta ez diete zaintzaileei ulertzen, ezta zaintzaileek agureei ere. Horrelakoetan. hartu-emana zaildu egiten da, eta bi pertsonen arteko konfiantzan eragiten du". Zaintzaren arloan ez ezik, ostalaritzan edo merkataritzan ere badaude antzerako kasuak. Hori dela eta, sektore horietan lan egiten duten herritarrei egokitutako ordutegiak eta edukiak prestatu dituztela azpimarratu du zinegotziak. Dena den, euskara ikasi nahi duen edonork eman dezake izena ikastaroetan.

Lau sektore, lau ikastaro

Inge Beloki Udal Euskaltegiko zuzendariak azaldu ditu saioen inguruko berezitasunak eta xehetasunak. Identifikatutako behar eta profilak kontuan hartuta, lau ikastaro desberdin prestatu dituzte: euskararik ez dakitenei zuzendutakoa, mailako baxuko ikasleei zuzendutakoa, ostalaritzan edo zaintzan aritzen direnei zuzendutakoa eta merkatariei zuzendutakoa. Oraingoz, uda aurretik eskainiko dituzten ikastaroetarako izen-ematea soilik dago irekita, hau da, maila baxukoei zuzendutakoan eta ostalaritzan aritzen direnei zuzendutakoan eman daiteke izena. Izen-ematea egin nahi dutenek Udal Euskaltegira jo beharko dute. Uda ostean egingo dute beste bi ikastaroetarako deialdia. 

  • Mailako baxuko ikasleei zuzendutako ikastaroa: Euskaraz ulertu bai baina euskaraz hitz egiteko beldurra edo ausardi falta duten herritarrei zuzendutako ikastaroa izango da. Mintzapraktika taldeetan aritzen diren herritarren beharrei erantzuteko saioa izango da, eta interesa duen edonork eman dezake izena. Apirilaren 26tik uztailaren 21era bitartean eskainiko dituzte eskolak, eta astean bi orduko bi saio jasoko dituzte parte-hartzaileek. Guztira, 52 orduko ikastaroa izango da. "Azpeitian urte asko eman baina euskaraz hitz egiteko gaitasun edo segurtasun gutxi izanik, beren biloba edo gertukoekin euskaraz hitz egiteko pausoa eman nahi dutenei zuzenduriko saioak izango dira", azaldu dute.
      
  • Ostalaritzan aritzen direnei zuzendutako ikastaroa: Maiatzaren 9tik ekainaren 22ra, astean bi orduko bi saio, 28 ordu guztira. Ostalaritzan lan egiten duten edo lan egin nahi duten eta euskaraz ez dakiten herritarrei eguneroko lanerako oinarrizko trebakuntza eskainiko dute ikastaroan, haiek beren kabuz askotariko tresnak erabili ahal izateko. Esaterako, sare sozialak haien kabuz euskaraz ahalik eta ondoen kudetzeko. 

  • Ulersaioak: Irailaren 19tik azaroaren 4ra, bi orduko hiru saio astean (60 ordu guztira). Ikastaro hau Soziolinguistika Klusterrak martxan jarritako Aldaitz ikerketa metodologiaren bueltan eskaintzen du euskaltegiak, eta bertan parte hartzeko ezinbestekoa izango da euskaraz ez ulertzea. Ezer ez ulertzetik ulermenean A2 maila izateko gaitasuna lortzea da helburua. Oraingoz, itxita dago izen-ematea. 

  • Merkatariei zuzendutako ikastaroa: Urritik abendura bitartean eskainiko dute saioa, eta 20 ordu inguruko ikastaroa izango da. Datak zehazteko daude oraindik, baita izen-ematea ere. 

Ikastaroetan izena ematen dutenek euskaltegiko gainontzeko ikastaroetan bezala, doan ikasteko aukera izango dute, %85eko asistentzia izanez gero. Langabetuek edo egoera zaurgarrienetan dauden herritarrek ez dute dirua aurreratu beharrik izango. "Azken urteetan aipatu izan dugu inor atzean utzi gabe aurrera egitea dela gure helburua. Kasu honetan ere uste dugu beharrezkoa dela hizkuntza herritar guztien eskura jartzea, euskara izan dadin gure kohesio tresna, eta herritar orok izan dezan euskalduntzera sarbidea", zehaztu du Goenagak.

"Esperientzia baliogarria"

Najat Ouaissa (Maroko) dendaria da, Giselle Martel (Honduras) eta Rosmeri Rubio (Nikaragua) zaintzaileak. Iaz Ulersaioetan parte hartu zuten, euskara lanerako baliagarri izango zitzaielakoan. Hiruak bat datoz ikastaroa "oso baliagarria" izan zaiela esaterakoan, baina azpimarratu dute "denbora asko" eskatzen duela euskara ikasteak. Hori izan da haien trabarik handiena, lana tarteko, ezin izan baitiote nahi beste denbora eskaini. 

Ouaissak eguneroko lanetarako beharrezkoak dituen hitzak ikasi dituela dio, fruta-denda batean egiten baitu lan, eta gaur gaurkoz euskaraz zenbatzeko gai dela aitortu du. Horrek bezeroekin hartu-emana hobetzen duela uste du, eta adierazi du jendeak "pozez" hartzen duela hark dirua euskaraz zenbatzea. "Pixkanaka belarria euskarara egin zait. Gainera, asko gustatzen zait euskara, eta ikasten jarraitu nahi dut, laneko ordutegiak eta etxeko lanek denbora kentzen didaten arren", adierazi du. 

Martel eta Rubio adineko pertsonen zaintzaileak dira, eta oinarrizko ikastaroa egin ostean, Udal Euskaltegiko A1 mailan euskara ikasten jarraitzen dute. Rubio etxeko zaintzaile egoiliarra da, eta zaintzen duen pertsonarekin harremana izateko beharrak bultzatuta hasi zen euskara ikasten. "Zaintzen nuen emakumeak ez zekien gazteleraz, eta euskaraz soilik hitz egiten zuen. Hori dela eta, zailtasunak nituen berarekin harremantzeko. Hori izan zen euskara ikastera bultzatu ninduena, eta gaur esan esan dezaket oinarriko gauzak ikasi ditudala. Orain helduen kuadrilla dut, gizon euskaldunena –Errezilgoak, Urrestillakoak...–, eta haiek euskaraz egiten dutenez, belarria euskarara egin zait, eta nik ere euskaraz agurtzen ditut. Dena den, euskara ikasteko denbora bilatzea zaila egiten zait". 

Martelek ere adineko pertsonak zaintzen ditu, eta haiek euskaraz hitz egiten dutelako hasi zen Udal Euskaltegian. Hasieran "ezer" ulertzen ez zekien arren, orain ulertzeko gai dela aitortu du. Hala ere, azpimarratu du "hizkuntza zaila" dela euskara, eta aditzen erabilera hobetzeko edo esaldien egiturak ikasteko, ordu gehiagoko ikastaroak behar direla uste du. 

Euskaldunen joerak zaintzeko beharra

Eneritz Albizuk euskara ikasteko saiakera egiten ari diren herritarren esfortzuari balioa eman dio, eta haien saiakera azpimarratu du, baita Udal Euskaltegiko langileena ere, "haiek gabe ezinezkoa izango zelako hau guztia". Era berean, euskaldun zaharren edo euskal hiztunen hizkuntza ohiturei erreparatu nahi izan die Albizuk, baita Mintzapraktiketan boluntario aritzen den Joanito Amenabarrek ere: "Garrantzitsua da euskaraz ikasten ari direnekin mantso hitz egitea, baita euskara batuan aritzea ere, haien belarrira ulerterrazago egiten baita". 

Ildo beretik mintzatu da Albizu, eta ahobiziei mezu bat eman die: "Udazkenean berriro izango da Euskaraldia, eta gure asmoa da Euskaltegiko eskaintza hau egitasmoarekin lotzea. Hori dela eta, mezu bat eman nahiko nieke euskaraz aritzen diren ahobizi guztiei. Ikusi dugu zenbat herritar ari den euskara ikasteko ahaleginean. Denok batera bizi gara baina askotan geu gara hizkuntza ohiturak zaintzen ez ditugunak. Euskaraldia urte osora zabal dezagun eta egin dezagun lehen hitza beti euskaraz. Hitz egin dezagun motel kostatzen zaien haiekin".