Lagun Onaken omenaldia jaso du Iñaki Leunda zenak

Andoni Elduaien 2022ko ira. 11a, 08:36

Abuztuaren amaieran zendu zen Iñaki Leunda, eta atzo, larunbata, hura omentzeko ekitaldia egin zuen Lagun Onak futbol taldeak Touringen aurkako partida hasi baino lehen. 

Lagun Onaken gizonen lehen taldeak liga txapelketako lehen partida jokatu zuen atzo, larunbata, Garmendipe futbol zelaian, eta hutsean berdindu zuen partida Touring taldearen aurka. Partida hasi baino lehen, ordea, duela bi aste eskas zendu zen Iñaki Leunda omendu zuen klubak. Klubean urte asko igaro zituen hark, eta merezitako aitortza egin zion futbol taldeak.

Partida hasi aurretik, Garmendipeko berdegunera zelairatu ziren Iñaki Leundaren emaztea, seme-alabak eta gainerako senitartekoak, Iñigo Arregi presidenteak eta Agustin Lizarralde zinegotziak lagunduta. Oroigarriak eta lore sortak entregatu zizkieten etxekoei, eta segidan, dantzari batek aurreskua dantzatu zien guztiei. Partida hasi aurretik, berriz, Lagun Onakeko eta Touringeko ordezkariek zein Garmendipen bildutako zaleek minutu bateko isilunea gorde zuten Iñaki Leunda zenaren omenez.

Argazkiak: Eli Aizpuru eta Andoni Elduaien