Lagun Onaken gizonen lehen taldeak puntu bat batu du liga txapelketaren estreinako partidan

Andoni Elduaien 2022ko ira. 10a, 19:35

Jon Aranda, baloiarekin. (Andoni Elduaien)

Hutsean berdindu dute Lagun Onakek eta mailara igo berria den Touringek. Lagun Onakek jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan du partida erdia baino gehiago, epaileak Iker Bastida atezain azpeitiarra egotzi ondoren. Amaieran, garaipena lortzear izan da Ander Avellanedaren taldea.

Lagun Onaken gizonen lehen taldeak puntu bat batuta ekin dio 2022-23 denboraldiari. Errenteriako (Gipuzkoa) Touring talde igo berria izan dute aurkari arratsaldean, eta partida hasi bezala amaitu da, hutsean. Norgehiagoka hasi baino lehen, ordea, Iñaki Leunda zena eta haren familia omendu ditu Lagun Onakek berdegunean, eta bi taldeetako ordezkariek eta Garmendipen batutako futbol jarraitzaileek minutuko isilunea gorde dute gero haren omenez.

Futbolari dagokionez, parekatua izan da lehen zatia, aukera gutxikoa. Jokoaren ekimena azpeitiarrena izan da, eta etxekoak eskuin hegaletik saiatu dira behin eta berriz errenteriarrei min egiten. Jokaldi batzuetan lortu dute area zapaltzea; Jagoba Erdoziak gola ere egin du, baina epaileak bertan behera utzi du baloia eskuarekin eraman duelakoan. Touring ere iritsi da areara arriskuarekin, baina etxekoak estuasunetan jarri gabe.

Atsedenaldia baino lehen, ordea, jokaldi malapartatua iritsi da Lagun Onakentzat, jokalari bat gutxiagorekin gelditu Azpeitiko taldea. Errenteriarrek luze jotako jokaldi batean, baloia area aldera zuzendu dute, baina haizeak eragotzita, ez da Iker Bastida atezain azpeitiarrak zaintzen zuen areara sartu. Atezaina areatik atera da baloi aurkariari moztera, baina baloia areatik kanpo eskuarekin ukitu duela adierazi du segituan marrazainak. Hori ikusita, epaileak txartel gorria erakutsi dio Bastidari, eta zelaitik egotzi du, Ander Avellanedak zuzentzen duen taldea jokalari bat gutxiagorekin utziz.

Bigarren zatira egoera horretan zelairatu da taldea, baina aurkariek zelaian jokalari kopuruz zuten nagusitasunari eusten asmatu dute azpeitiarrek. Oro har, aukera gutxi sortu dituzte bi taldeek bigarren 45 minutuetan. Errenteriarrek penaltia eskatu dute jokaldi batean, baina epaileak ez du halakorik ikusi. Neurketa luzapenean sartuta zegoela zela, berriz, Ander Zubillagak izan du garaipena lortzeko abagune garbia. Jaurtiketa egin du Lagun Onakeko erdilariak, baina Touringeko atezainak ekidin du haren gola. Amaieran, banako berdinketa Garmendipen, eta puntu banaketa. Datorren asteburuan. Deusto taldearen aurka jokatu du Ander Avellanedak zuzentzen duen taldeak.