Saninazioak ziztada kasuek "baldintzatu" dituztela azaldu du Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2022ko abu. 4a, 12:51
Txupinazoko irudia.

Udalak "irmo" salatu du eraso matxista "forma berri" hori eta "indarkeria matxistaz zipriztinduta dagoen egiturazko arazo zahar eta deitoragarria". Gertaera horiek alde batera utzita, erakundearen arabera, uztailaren 22tik abuztuaren 2ra bitartean "une polit eta gogoangarri ugari" izan dira herrian. 

Saninazioak bukatu berritan, Azpeitiko Udalak jaien balorazioa kaleratu du. Bi urteren ostean, plazak eta kaleak berriro festaz eta askotariko ekintzaz bete diren arren, uztailaren 30ean jazotako bi ziztada kasuek saninazioak "baldintzatu" dituztela adierazi du erakundeak. "Festen gozoa uztailaren 30ean Azpeitiko anbulatorioan artatutako bi ziztada kasuek lausotu dute".

Udalak "irmo" salatu du eraso matxista "forma berri" hori eta "indarkeria matxistaz zipriztinduta dagoen egiturazko arazo zahar eta deitoragarria". Azpeitian festetan nahiz egunerokoan herritar orok "libre, eroso eta seguru" ibiltzeko duen eskubidea aldarrikatu du erakundeak: "Bide horretan, orain arte bezala, urte osoan zehar hezkidetza, sentsibilizazio eta autodefentsa feminista lantzen jarraitzeko konpromisoa berresten du, jaiak zein herria indarkeria matxistarik gabe amesten dituelako eta helburu horrekin aritzen jarraituko duelako".

Dena den, erakundeak esan duenez, jaien balorazioa egiterakoan "ez litzakete bidezkoa" jaietan bizi izandako gainerako guztia ahaztea. Izan ere, uztailaren 22tik abuztuaren 2ra bitartean "une polit eta gogoangarri ugari" izan dira herrian. Txupinazoa ekarri du gogora Mikel Odriozola Festa batzordeburuak, une "hunkigarria" izan delako: "Alde batetik, bi urteren ostean berriro festei hasiera emateko unea izan zelako, eta bestetik, Atzegik txupinazoa botata inklusioa ikusgarri egiteko modu ederra izan zelako". Gainerako ekintzak ere "aurreikusita bezala" joan direla esan du hark, eta ekitaldietan elkartutako jendetza ere izan du hizpide: "Festa herrikoiak eta parte hartzaileak izan dira".

Udalak eskerrak eman dizkie jaiak posible egin dituzten eragileei, norbanakoei, udal brigadako langileei, teknikariei, Udaltzaingoari, muntatzaileei eta eraikin zein kale garbitzaileei.