Jaietan gutxienez bi ziztada egon direla baieztatu du udalak

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 31a, 13:43

Sumisio kimikoko ziztada jaso duten bi emakumeak anbulatorioan artatu dituzte, eta udalak jakinarazi duenez, ondo daude biak. Beste hiruzpalau ziztada ikertzen ari da Udaltzaingoa. Udalak eraso matxisten inguruko protokoloa "indartu" du gertaerak horiek direla eta.

Azken asteetan hainbat izan dira Euskal Herriko jaietan sumisio kimikoko ziztadak salatu dituzten herritarrak, eta saninazioetan, momentuz, gutxienez bi ziztada egon direla baieztatu du Azpeitiko Udalak. Erakundeak jakinarazi duenez ziztada jaso duten bi emakumeak anbulatorioan artatu dituzte, eta biak ondo daude udalak jakin ahal izan duenez. Kasu horiez gain, beste hiruzpalau ziztada egon ote diren ere ikertzen ari da Udaltzaingoa. 

Udalak "gogor" salatu du gertatutakoa, eta eraso matxisten inguruko festetako protokoloa indartu du. Erakundeak adierazi duenez, "indarkeria matxistaren forma berri bat" dira sumisio kimikoko ziztadak. Era berean, Azpeitian herritar orok "libre, lasai eta seguru ibiltzeko duen eskubidea" aldarrikatu dute, eta ziztadaren bat jasaten duten emakumeei laguntzeko dauden baliabideen berri eman diete. Hain zuzen ere, Plaza Txikian erasoen inguruko informazio, aholkularitza eta sentsibilizaziorako karpa bat jarri dute, eta anbulatorioan zein Udaltzaingoan ere laguntzeko daudela nabarmendu du udalak.

Horrez gain, herritarrek eskura dituzten baliabideen zerrenda gogorarazi dute. Honakoak dira horiek: 

  • 112 telefonoa (24 orduz, larrialdi egoeretan).
  • 943-22 44 11 (SFUS, Aldundiko urgentzia zerbitzua, zerbitzu juridikoa, psikologikoa eta ekonomikoa, udal ordutegitik kanpo).
  • 900-84 01 11 (SATEVI, emakume bizirauleei, hauen ingurukoei eta herritarrei informazioa eta arreta eskaintzen diena).
  • Azpeitiko Udaltzaingoa (092 edo 943-15 13 13).