Ur parkea, haurren gozamen iturri

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 27a, 16:58

Ur parkea jarri dute arratsaldean Perdillegiko jolastokian, eta herrian sekula ikusi gabeko txirrista erraldoietan gora eta behera ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek. 20:00 arte izango da zabalik.

Gaurkoa berez ez da festa egun handia, baina haurrek sekulako jai giroa izan dute arratsaldean Perdillegiko jolastokian. Ur parkea jarri dute han, 16:00etatik 20:00etara, eta herrian sekula ikusi gabeko txirrista erraldoietan gora eta behera ibiltzeko aukera izan dute gaztetxoek. Haien aurpegietan ikus zitekeen primeran pasatzen ari zirela.

Ondoren, bi urteko etenaren ostean, zezenzaleek hainbeste itxarondako hitzordua izango da: desenkajonamentua, hain zuzen ere. 19:00etan hasiko da hori, zezen plazan. Ohikoa den moduan, ondorengo egunetan toreatuko dituzten zezenak erakutsiko dituzte: aurtengoan, Ana Romero, Murteira Grave eta La Palmosilla izango dira zezenketetan parte hartuko duten ganadutegiak.

Gauean, 22:00etan hasita, Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua izango da, plazan. Hain zuzen ere, hainbat pasodoble doinu entzun ahal izango dira, eta biharkoan sei pieza berri joko ditu bandak lehen aldiz; zehazki, aurtengo zezenketetara etorriko diren sei toreatzaileri eskainitako kantak izango dira.