Desenkajonamentua eta Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, biharko

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 26a, 09:49
2019an egin zuten azkenekoz desenkajonamentua.

Biharkoa festa eguna ez den arren, jai giroko hainbat ekintza izango da egunean zehar: arratsaldean, ur parkea jarriko dute Perdillegin; 19:00etan, desenkajonamentua izango da zezen plazan; eta 22:00etan, Udal Musika Bandak pasodobleen kontzertua emango du plazan. 

Biharkoa festa egun handia ez den arren, izango da zertaz gozatua herrian. Hain zuzen ere, ur parkea jarriko dute arratsaldean Perdillegin, eta ondoren, bi urteko etenaren ostean, zezenzaleek hainbeste itxarondako hitzordua izango da: desenkajonamentua, hain zuzen ere. 19:00etan hasiko da hori, zezen plazan. Ohikoa den moduan, ondorengo egunetan toreatuko dituzten zezenak erakutsiko dituzte: aurtengoan, Ana Romero, Murteira Grave eta La Palmosilla izango dira zezenketetan parte hartuko duten ganadutegiak.

Gauean, 22:00etan hasita, Udal Musika Bandaren pasodobleen kontzertua izango da, plazan. Hain zuzen ere, hainbat pasodoble doinu entzun ahal izango dira, eta biharkoan sei pieza berri joko ditu bandak lehen aldiz; zehazki, aurtengo zezenketetara etorriko diren sei toreatzaileri eskainitako kantak izango dira.

Unai Frantzesena bandaren zuzendariak azaldu duenez, sei pasodoble horietatik lau Espainiako bandei eskatuta lortu ditu: Pozoblanco (Kordoba, Espainia), Olivenza (Badajoz, Espainia), Hellin (Albacete, Espainia) eta Villafranca de los Barros (Badajoz, Espainia). Beste bat Frantzian erosi dio bandak egileari, eta seigarrena Peruko banda bati eskatuta eskuratu dute. "Azken hori gure bandaren formatura egokitu, moldatu eta konpondu behar izan dut, arkatzez idatziriko paper batzuen argazkiak bidali baitzizkidaten".

Honako hau da kontzertuaren egitaraua:
 
  • Alvaro Lorenzo (Javier Alvarez Vazquez)
  • Morante de la Puebla (Abel Moreno)
  • Diego Carretero (Ignacio Tomas Ponce)
  • Antoñito Ferrera (Antonio Cotoli Ortiz)
  • Joaquin Galdos (Moises Tacuri Garcia. Moldaketa: Unai Frantsesena)
  • Juan Leal (Jean Garin)
  • Hirugarren zezeneko zortzikoa (Jose Ignacio Aldalur)
  • Dauder (Santiago Lope Gonzalo)
  • Pepin Martin Vazquez (Emilio Caballero)
  • Chiclanera (Vega, Oropesa y Carmona)
  • Fiesta taurina (Jose de la Vega Sanchez)
  • Fiesta en Sevilla (Ricardo Dorado)
  • Malagueña (Pascual Godes)