Datorren ostegunean izango da haurren barraka eguna

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 21a, 12:18
2019ko barraketako irudi bat.

Egun horretan, 16:30etik aurrera, euro baten trukean eskuratu ahal izango dira barraketarako txartelak. Aniztasun funtzionala duten pertsonek lehentasunezko txartela eskuratu ahal izango dute barraketarako, eta jaietako egunetan, hainbat orduz ez da musikarik izango barraka eremuan. Bihar zabalduko dituzte barrakak Betharrametako jolastokian, eta hilaren 1era arte izango dira martxan.  

Datorren ostegunean, uztailaren 28an, izango da saninazioetako umeen barraka eguna. 16:30etik aurrera, euro baten trukean eskuratu ahal izango dira barraketarako txartelak. Gainerako egunetan, berriz, bi euro ordaindu beharko dira.

Dagoeneko hasi dira barrakak iristen eta muntatzen Betharrametako jolastokian, eta bihar zabalduko dituzte horiek. Hilaren 1a izango da barrakak martxan izango diren azken eguna.

Duela bi urteko jaietan egin bezala, aniztasun funtzionala duten pertsonek barraketan ibiltzeko lehentasunezko txartela eskuratu ahal izango dira. Gainera, barraken eremuan musikarik gabeko ordu tarteak izango dira festa egunetan: bihar, etzi eta etzidamu, 17:00etatik 20:00etara, ez da musikarik izango Betharrametako atarian; astelehenean, Santio egunez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bitartean kenduko dute musika.

Saninazioetako hiru egunetan ere musikarik gabeko tarteak izango dira barraketan: uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; uztailaren 31n, San Inazio egunean, 17:00etatik 19:00etara; eta abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenean, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.