Jolasa ardatz egin dute 'Vikingak' telesaila

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 20a, 12:27
Zuriñe Hidalgo, Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga dira 'Vikingak' telesailaren gidariak. (Vikingak)

Euskal Herrian barrena bidaiatuz hainbat gai landuko dituzte Zuriñe Hidalgok, Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak Vikingak telesailean. Gaur eskainiko dute lehen atala, 22:30ean, ETB1en. 

Estreinatzear da Vikingak telesaila, Amancay Gaztañagaren, Erika Olaizolaren eta Zuriñe Hidalgoren proiektu berria. Gaur eskainiko dute telesail berriaren lehen atala, 22:30ean, EITB1en eta eitb.eus webgunean. Hiru sortzaileak urduri baina "gogotsu" daude, eta egindako lanarekin "oso gustura".

"Vikingak lagunartean sortutako telebista programa bat da, jolasa ardatz duena", kontatu dute Gaztañagak, Olaizolak eta Hidalgok. Hain zuzen, hiru lagunek Euskal Herrian barrena egindako bidaiak ditu ardatz Vikingak telesailak. Bidaia horietako bakoitzean bateko edo besteko gaiak izango dituzte hizpide eta aztergai, gonbidatu ezagunekin nahiz ezezagunekin. Umorez, baina gaiek eskatzen duten ardurarekin landuko dituzte.

Aurreratu dutenez, programa bakoitzean gai bat izango dute abiapuntu, eta horri tiraka Euskal Herriko txoko desberdinetara iritsiko dira. "Landuko ditugun gaien artean daude plazera, bihozkadak, uda garaia, gazteak eta adrenalina, besteak beste. Guztira, zortzi saio izango dira, eta horietako bakoitzak kolore desberdina izango du; izan ere, saio bakoitzak bere ezaugarriak ditu", adierazi dute hiru sortzaileek. Era berean, azpimarratu dute "ahots desberdinei leku egitea" izan dutela xede, eta horretan ahalegindu direla. Egingo dituzten geldialdietan bidelagun izango dituzte, besteak beste, Itziar Ituño aktorea, Asier Illarramendi Realeko jokalaria eta Chica Sobresalto abeslaria.

Guztira, zortzi atal izango ditu telesailak, oraingoz. Asteazkenetan eskainiko dituzte saioak, 22:30ean. Lehen sasoiko laurak gaurtik aurrera eskainiko dituzte. Ondoren, eten labur bat egingo dute, eta abuztu amaieran eskainiko dituzte besteak.

Sormen propioa

Iaz sortu zen Vikingak telesailaren ideia. Hain zuzen, Gaztañagarena, Olaizolarena eta Hidalgorena izan zen burutazioa. Horrela kontatu dute hirurek: "Duela urtebete hasi zen dena. Elkarrekin asko egoten ginen, bideo-dei ugari egiten genituen. Bolada batean elkarrekin gosaltzen, bazkaltzen edo afaltzen genuen, deiak egiten genituen bitartean. Gauza askoren inguruan hitz egiten genuen, eta iruditu zitzaigun aukera polita izan zitekeela horrelako solasaldiak publikoki elkarbanatzea". Orduan jarri ziren harremanetan Bilboko Taom ekoiztetxearekin. "Ezagutzen genituen Taomekoak; haiekin lanean aritutakoak ginen lehenagotik, eta esku artean genuen proiektua aproposa iruditu zitzaigun haiekin elkarbanatzeko", adierazi dute. Hala, ETBra jo zuten, gorpuztutako proiektua aurkeztera. Hasieran ez zuten erantzunik jaso, baina joan zen apirilean ETBren deia jaso zuten: "Proiektua atsegin zutela eta zortzi atal nahi zituztela esan ziguten. Orduan hasi zen dena gorpuzten".

Ideia Gaztañagarena, Olaizolarena eta Hidalgorena da, eta haien hitzetan Vikingak beraien "umea" da. Horrenbestez, haiek dira aurkezleak, baina baita zuzendariak eta gidoigileak ere. Dena den, badute "ezinbestekoa" izaten ari den pertsona baten laguntza: Taom ekoiztetxeko Karlos Trijueque dute bidelagun zuzendaritzan eta irudi arloan.

Proiektuaren sustatzaileek aitortu dutenez, "egitasmo berritzailea" izatea nahi zuten: "Freskotasuna ematera, inguruak astintzera, zerbait berezia proposatzera gindoazen. ETBren betiko marko horietatik atera nahi genuen, gauzak geure erara egitea zen xedea". Saiakerak eman zituen fruituak.

Lehen freedback-ak

Joan zen asteburuan egin zuten Vikingak telesailaren estreinaldi aurrea Getxoko (Bizkaia) autozineman. Azken asteetan postontzietan mezu misteriotsuak jaso zituzten dozenaka lagun elkartu ziren han, eta denek elkarrekin ikusi zituzten estreinatzear dagoen telesailaren lehen apurrak. Sortzaileek adierazi dutenez, "oso berezia" izan zen emanaldia: "Guk ere ezin genuen sinetsi emaitza ikustera gindoazenik, eta are gutxiago jendeak ikusiko zuenik. Iritzi onak jaso genituen. Ea gaurko estreinaldiaren ostean zer etortzen den… Beti ematen dute errespetua ikusleen iritziek".

Kontuak kontu, esperientziaren azken txanpan daude Gaztañaga, Olaizola eta Hidalgo, eta egindako lanarekin "oso gustura" daude. Orain ikusleekin elkarbanatu nahi dute hilabeteotan ureztatutakoa.