Badator Azpeitiko Gaztetxearen XVII. urtemuga

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 13a, 09:35
2019ko baltsa jaitsierako irudi bat.

Azpeitiko Gaztetxeak XVII. urteurrena ospatuko du asteburuan. Futbito txapelketako finalak izango dira ostiralean, eta baltsa jaitsiera nahiz beste hainbat ekintza zapatuan.

Data hauen bueltan ohikoa den moduan, Azpeitiko Gaztetxeak XVII. urteurrena ospatuko du asteburuan. Bi egunetarako prestatu dituzte ekintzak: hain zuzen ere, ostiralean eta larunbatean izango da zertaz gozatua herrian. 

Futbito txapelketako finalekin hasiko dituzte urteurreneko ekintzak, ostiral arratsaldean. Aner Ganzarain antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, azken urteotan beste eragile batzuek antolatu izan dute futbito txapelketa, eta aurtengoan Azpeitiko Gaztetxeak hartu du ardura hori, hainbat urteko geldialdiaren ostean. Ganzarainen arabera, "oso erantzun ona" izan du lehiak, eta jende ugari bertaratu da partidak ikustera. Hain justu, hamasei taldek parte hartu dute aurtengo txapelketan. 

Futbito txapelketako irabazleak zein izan diren erabakita, larunbatean jarraituko dute urteurreneko ekintzekin. Eguerdi partean, Azpeitiko Gaztetxearen urteurreneko ospakizunetan ezinbesteko hitzordua bilakatu den baltsa jaitsiera izango da, Urola ibaian. Ganzarainek azaldu duenez, ez dakite zenbat baltsa aterako diren jaitsieran, egunean bertan plazara agertzea nahikoa delako ekintzan parte hartzeko. "Dena den, jendea ari da prestatzen; inguruan nabaritzen dugu mugimendua badagoela", esan du. Aurtengo baltsak egiteko gaia honako hau da: Azpeitiko lekuak. Antolatzaileek "saltsa polita" izango dela aurreikusten dute.

Beste hainbat ekintzaren artean, kontzertuak izango dira larunbatean, gaztetxean bertan. Lau musika talde ariko dira zuzenean, eta horietako batek estreinako emanaldia izango du; Tiratxinas taldeak, zehazki. "Azpeitiarrez osatutako talde berri bat da Tiratxinas. Bertsio Gauean parte hartu zuten, eta orain taldea sortzea erabaki dute. Larunbatean emango dute lehen kontzertua, eta haiek ikusteko gogotsu gaude", adierazi du Ganzarainek. Haren arabera, Toc da larunbatean kontzertua emango duen talderik "entzutetsuena", eta jendea erakarriko duela uste dute. 

Ganzarainen arabera, "oso giro ona" egongo da ostiralean nahiz larunbatean Azpeitian, eta herritarrak ekintzetan parte hartzera animatu ditu. Skapaie elektrotxaranga sortu berriak ere "giro bikaina" jarriko duela nabarmendu du. 

Egitaraua

-Uztailak 15, ostirala
20:00. Futbito Txapelketaren Kopako finala, eta 21:00etan, Ligako finala.

-Uztailak 16, larunbata
11:00. Baltsen erakusketa eta hamaiketakoa.
12:00. Baltsak uretara!
14:30. Bazkaria.
18:00. Skapaie elektrotxarangarekin kalejira.
21:00. Pizza jana.
22:00. Kontzertuak: Toc, Mehatxuka, Tiratxinas, Atenenas DJa. 

Erlazionatuak