Azpeitiarren doinuak

Jagoba Labakaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko uzt. 27a, 11:14
Jagoba Labaka sukaldean.

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan eta udako oporraldiaren bueltan, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasotzen ari da Uztarria. Datozen sei asteetan, asteazkenero argitaratuko du kanten zerrenda bat; oraingoan Jagoba Labaka sukaldari eta erremontistarena.

  • Azken udazken (Xabi Solano)

"Xabi Solanoren kanta gehienak ditut gustuko. Ereñotzu diskoa oparitu egin zidaten, eta abesti hau oso berezia da niretzat; oso gustura entzuten dut".

  • Euskal rock and roll (Niko Etxart)

"Ez naiz oso rockeroa, baina abesti hau gure kuadrillako kanta dela esango nuke. Izan ere, parrandan kanta hau jartzen dutenean, denok dantzan eta kantuan hasten gara".

  • Andresek bere andregaiari (Xabier Lete)

"Kanta hau ez da nire gustukoenetakoa, baina gure sukaldean Arrate Irratia egoten zen lehen beti jarrita. Amamari ikaragarri gustatzen zitzaizkion bertso hauek, eta irratian jartzen zituztenean, haren ondoan jartzen zen –gorraize pixka bat zuen– eta besteok ahalik eta isilen egoten ginen. Kanta entzutean amamarekin akordatzen naiz".

  • Xalbadorren heriotzean (Puro Relajo)

"Asko gustatzen zait mariatxiak eta abesti mexikarrak entzutea eta abestea. Euskaraz halako gutxi daudelako eta kanta hau berezia delako aukeratu dut".

  • Gure bazterrak (Mikel Laboa)

"Mikel Laboaren abesti asko gustatzen zaizkit, baina hau gehienetako bat. Behe lainoa edo eguraldi txarra denean, kanta honekin akordatzen naiz beti. Abesteko ere oso polita da".