Alain Sorazuk dibulgazio bideo onenaren saria jaso du On Zientzia lehiaketan

Julene Frantzesena 2022ko eka. 20a, 08:59
On Zientzia lehiaketaren hamabigarren edizioko irabazleak sari banaketa ekitaldian –zutik dauden ilaran eskuinetik laugarren da Sorazu–. (Elhuyar)

Lanius Animatics ilustrazio zientifikoko taldeko kidea da azpeitiarra, eta talde horrek Argiztapen artifizial... naturala? bideoari esker jaso du 3.000 euroko diru saria. Joan zen astean banatu zituzten sariak Donostian.

Zientziari eta teknologiari buruzko bideoen On Zientzia lehiaketako sarietako bat jaso du Alain Sorazu azpeitiarrak. Dibulgazio bideo onenaren saria jaso du Lanius Animatics ilustrazio zientifikoko taldeak, eta Sorazu talde horretako kidea da, Alfredo Rodriguezekin, Kimberlyn Fonsecarekin eta Morgane Goyensekin batera. Argiztapen artifizial... naturala? bideoari esker jaso du talde horrek 3.000 euroko diru saria. Joan zen astean egin zuten sari banaketa ekitaldia Donostiako Tabakaleran, eta han izan zen Sorazu.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, teknika ezberdinak "oso ondo" integratzen dituen animazio lan "bikaina" da Lanius Animaticsek ondutakoa. "Egungo ikerketa baten berri modu argian ematen jakin dute, estetika ederra erabiliz eta musika zein soinu efektuak primeran konbinatuz".

Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako lehiaketa da On Zientzia, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Aurtengoa lehiaketaren hamabigarren edizioa izan da, eta orotara, 93 lan jaso dituzte, "inoiz baino gehiago". Lehiaketaren sustatzaileek zehaztu dutenez, lan gehienak Euskal Herrikoak dira, baina Kolonbiatik, Mexikotik edo Argentinatik ere jaso dituzte.

Hona hemen Sorazuk eta haren lantaldeak egin duen eta On Zientzian saritu duten bideoa: