Alain Sorazu: "Askotariko gaiak lantzen ditu 'Xaguxatar bidea' liburuak, eta edonorentzat izan daiteke interesgarria"

Maialen Etxaniz eta Ihintza Elustondo 2022ko mai. 31a, 10:45

Xaguxatar bidea gehiago ezagutarazteko eta lantzeko, Xaguxatar bidea izeneko liburuxka aurkeztu du Azpeitiko Udalak. Alain Sorazu biologo eta ilustratzaile zientifiko azpeitiarrak ondu du liburuxka, eta marrazkiak baliatu ditu horretarako. Ingurumenari lotutako gaiak ez ezik Euskal Herriko historia eta kultura ere lantzen ditu aurkeztutako material didaktikoak. Sortze prozesuan asko ikasi duela adierazi du Sorazuk, eta jakin-mina duten herritarrei baliagarri izatea espero du. 

Xaguxatar bidea liburua kaleratu du Azpeitiko Udalak, Xaguxatar bidea gehiago ezagutarazteko eta lantzeko. Alain Sorazu biologo eta ilustratzaile zientifiko azpeitiarrak ondu du liburuxka, eta marrazkiak zein testuak baliatu ditu horretarako. Hain zuzen, Xaguxatar bidean kokatutako paneletan bildutako informazioa sakonago azaldu du azpeitiarrak ilustrazio koloretsuen bitartez. Liburuxka ez ezik, animaziozko bi bideo ere egin ditu, eta "gustura" gelditu da egindako lanarekin. Ekoetxean hasten da Xaguxatar ibilbidea, eta han aurkeztu zuten liburua atzo. Hori dela eta, Erlo Telebista Ekoetxean bertan elkartu da Sorazurekin, egindako lanaz gehiago jakiteko.

Sorazu biologoa da ikasketaz, eta liburuan ingurumenari lotutako gaiak landu ditu nagusiki, baina ez horiek bakarrik; izan ere, liburuxka osatzeko Euskal Herriko historiari eta kulturari ere erreparatu die. Ondutako lanari esker, "asko" ikasi duela adierazi du Sorazuk, eta inguruko ondareaz eta kulturaz interesa duten herritarrei baliagarri izango zaiela espero du.

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta aurten baita Xaguxatar Bidearen Eguna ere. Izan ere, data horren aitzakian, Xaguxatar bidea ezagutzeko bisita gidatua antolatu dute iganderako. Irteeran parte hartu nahi dutenek Ekoetxera (943-81 24 48) deitu beharko dute izena emateko. 10:00etatik 13:00etara egingo dute ibilaldia, eta ostiralean itxiko dute izen-ematea.