Xaguxatar bidearen inguruko material didaktikoa kaleratu dute

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 30a, 15:24
Aitor Bereziartua eta Alain Sorazu, 'Xaguxatar bidea' liburuaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Udalaren eskariz, Alain Sorazu herritarrak garatu du Xaguxatar bidea liburua. Xaguxatar bidean kokatutako paneletan dagoen informazioa sakonago jaso eta ilustrazioekin osatu du lana. Liburuaren bertsio digitala eta animaziozko bideoak ere plazaratu dituzte. Igandean, bisita gidatua egingo dute Xaguxatar bidea ezagutzeko.

Xaguxatar bidearen inguruko liburua aurkeztu dute gaur, Ekoetxean. Azpeitiko Udalaren eskariz, Alain Sorazu herritarrak garatu du lana. Xaguxatar bidean kokatutako paneletan dagoen informazioa sakonago jaso du hark liburuan, eta gainera, ilustrazioekin osatu du lana. Liburuarekin batera, animaziozko bideoak ere kaleratu dituzte, gai bera jorratuz. Igandean, ekainaren 5ean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna eta Xaguxatar bidearen eguna izango da, eta horren harira, gaur aurkeztu dute lana. Sorazuz gain, han izan da Aitor Bereziartua zinegotzia ere.

Proiektua nolatan garatu duten azaldu du Bereziartuak. Haren arabera, Xaguxatar bidea martxan jarri zenean, panel batzuk jarri zituzten ibilbidean, haren ñabardurak azaltzeko. "Gizakiaren esku hartzearen ondorioz ingurumenak izan dituen aldaketak herrian agertzeko sortu genuen Xaguxatar bidea. Ibilbide horretako hainbat puntutan, gizakiak ingurumenean zer-nolako aldaketak egin dituen dago jasota, baina ikusten genuen gai hori landu zitekeela zabalago. Horregaetik, panel horietako bakoitzean jasotakoa gehiago garatzea erabaki genuen, eta material hori hainbat euskarritan kaleratzea". Hala, Xaguxatar bidearen inguruko liburua, liburuaren bertsio digitala –PDF formatuan– eta zenbait animaziozko bideo kaleratu dituzte. Euskarri fisikoa turismo bulegoetan eta Ekoetxean egongo da eskuragarri, eta webgunean edozeinek eskuratu ahal izango du bertsio digitala.

Sorazuk biologiako gradua eta ilustrazio zientifikoko graduondokoa ikasi zituen, eta ikasketak amaitu ondoren, proiektu bat aurkeztu zuen Azpeitiko Udalaren sormen beketara. Ez zioten eman beka hori, baina udalak beste proposamen bat egin zion bueltan: "Nik egindako proposamenaren antzeko zerbait garatzeko ideia zeukatela esan zidaten. Ekoetxeak bazuen hezkuntzarako material didaktikoa garatzeko premia, eta hortik sortu zen proiektua", adierazi du Sorazuk.

Hainbat atal

Xaguxatar bidean dauden panelak hartu ditu Sorazuk abiapuntutzat lana garatzerakoan; hain zuzen ere, panel horietan jasotako informazioan sakondu du. Hainbat atal banatu ditu liburuan, eta horietako bakoitza zertan datzan azaldu du. Lehen atala Ekoetxean kokatu du, eta saguzarren garrantzia azaldu du han. Bigarren atala Loiolaren ingurukoa da, eta Azpeiti eta Izarraitz inguruko paisaiaz aritu da han. Hirugarren atala Izarraizko Atearen ingurukoa da, eta klimaz hitz egin du bertan. Otzakan kokatu du laugarren atala, eta Izarraitz nola sortu zen nahiz historian zehar nola aldatu den kontatu du han. Bosgarren atala baserrien ingurukoa da; baserria nondik datorren eta historian zer garrantzi izan duen azaldu du. Urola ibaiari ere eskaini dio atal bat; ibai horrek eskaintzen dituen baliabideak gizakiak nola aprobetxatu dituen kontatu du bertan. Azken atala, berriz, Azoka Plazaren ingurukoa da, eta ekoizpen nahiz kontsumo ereduak nola aldatu diren azaldu du han.

Sorazuk adierazi duenez, zera aztertzen saiatu da liburuan: "Gizakiak zer eragin izan duen, eta eragin horrek zer ondare utzi duen historikoki, kulturalki nahiz naturan". Era berean, garrantzia eman die ilustrazioei: "Ilustratzaile zientifikoa naizen aldetik, saiatu naiz ahalik eta gehien adierazten ilustrazioen bidez, uste dudalako ilustrazioen bidez ideiak askoz ere hobeto ulertzen direla". Atal bakoitzean, idatziz nahiz marrazki bidez jaso du informazio guztia.

Igandean, bisita gidatua

Igandean, bisita gidatua egingo dute Xaguxatar bidean, familiei zuzenduta. Ekoetxeak antolatu du saioa, eta 10:00etatik 13:00etara egingo dute ibilaldia. Ostiralera bitartean eman daiteke izena, 943-81 24 48 telefonora deituta.