Bihar zabalduko dituzte Izarraizko Atea parkeko ur txorroak

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 14a, 14:22
Izarraizko Atea parkeko ur txorroak.

Bihartik irailaren 15era bitartean, egunero izango da zabalik gunea, 11:00etatik 20:00etara. Parkean "giza legez" jokatzeko eskatu du udalak.

Uda giro betean murgildu da herria, eta sasoi honetan, askoren gozagarri izan ohi dira freskatzeko lekuak. Joan zen larunbatean zabaldu zuten estali gabeko igerilekua, eta bihartik –asteazkena–aurrera, irekita izango da Izarraizko Atea parkeko ur txorroen gunea ere. Irailaren 15era bitartean, egunero izango da zabalik, 11:00etatik 20:00etara.

Udalak 2017an zabaldu zuen Izarraizko Atea parkea, eta erakunde horren arabera, ordutik "erakargarri" izan dira ur txorroak herritarrentzat zein bisitarientzat. Parkea zabaldu zenetik, urtez urte gune hori "osatzen" ari dela azaldu du udalak, eta gero eta herritar gehiago joaten direla bertara, "egotera zein jolastera".

Eremu hori herritar guztiena dela gogorarazi du udalak, eta "giza legez" jokatzeko eskatu du. Besteak beste, honako eskaera hauek egin ditu erakundeak: "Hondakinak edukiontzietara ondo sailkatuta botatzea, zakurrak lotuta eramatea eta errespetuz jokatzea". Horrez gain, gogoratu du ezin dela animaliarik sartu ur putzuan.