Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

2-1 gailendu zaio Azpeitia Tolosari Herriartekoaren finalaurrekoko joanekoan

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 12a, 09:08
Izarraitz pilotalekuan neurtuko dira Azpeitia eta Tolosa gaur zortzi.

Beotibar pilotalekuan jokatu zituzten partidak atzo, larunbata, 18:00etan hasita. 22-1 irabazi zuten aurreneko lehia azpeitiarrek, 19-22 galdu bigarrena, eta 22-10 irabazi, hirugarrena. Gaur zortzi Azpeitian erabakiko da finalera zer herri pasatuko den, baina azpeitiarrek oso bideratuta utzi dute finalerdia.

Atzo, larunbata, jokatu zuten Azpeitiak eta Tolosak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalerdiko joaneko partida Tolosako Beotibarren. Ilunpeko pilotariak fin ibili ziren, eta 2-1 irabazi zuten. Aurreneko partida aise irabazi zuten, Larrañagak eta Otegik 22-1 utzi baitzuten markagailua.

Bigarren partidan lehia oso estua izan zen, eta gutxigatik ez zuten garaipena eskuratu azpeitiarrek; 19-22 galdu zuten Ezamak eta Labakak tolosarren aurka.

Hirugarrenean ere garaipen sendoa eskuratu zuen Azpeitiak, 22-10 egin baitzuten Egigurenek eta Labakak.

Hala, gaur zortzi jokatuko den bueltako jardunaldira etxeko lanak ondo eginda joango dira Ilunpekoak. Finalera iristen badira, Hernani edo Oiartzun izango dute aurkari. Atzokoan Hernani gailendu zen 2-1 Oiartzunen aurka, baina ikusteko dago zer gertatuko den finalaurrekoaren bigarren jardunaldian.