Barakaldoko hilketa salatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharra aldarrikatu dute plazan

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 11a, 20:39
Barakaldoko hilketa salatzeko elkarretaratzea, Azpeitiko plazan. (Urola Erdiko Itaia)

Ostegunean gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak apirilean ama hiltzea egotzita. Horren harira, "hilketa matxista salatzeko" elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean, plazan. 

Urola Erdiko Itaiak deituta, Barakaldon ama hiltzea leporatuta atxilotu duten gizonezkoaren kasua salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Azpeitiko plazan. Ertzaintzak ostegunean atxilotu zuen 53 urteko gizonezkoa Barakaldon (Bizkaia), apirilean ama hil izana leporatuta. Emakumezkoa apirilaren 26an zendu zen Barakaldoko Gurutzetako ospitalean. Semeak orduko hartan emandako bertsioaren arabera, emakumea erori egin zen, eta horrek eragindako lesioengatik hil zen gero. Erietxeko osasun langileek, ordea, indarkeria zantzuak sumatu zizkioten hilotzari, eta auzi medikuei eman zieten abisua. Auzitegi medikuak gorpuari egindako analisiak indarkeria zantzuak baieztatu zituen, eta, Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak hala eskatuta, ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak. Ikerketa horri segika, ertzainek semea atzeman zuten ostegunean, lesioak hark eraginak zirelakoan eta, beraz, ama hil izan lukeelakoan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzaren ikerketan ondorioztatu dute emakumezkoak ez zuela behar adinako arretarik jaso lesioak jasan ondotik. Hau da, zehaztu dutenez, ospitalera eraman zutenerako oso larri zegoen.

Hori salatzeko deitu du elkarretaratzea Itaiak, Indarkeria matxistari aurre egin lelopean. Itaiak adierazi du "gaurkoan indarkeria matxistaren aurpegi gordinenetako bat salatzeko" elkartu direla plazan, eta horren aurrean "indarkeria matxista ororen aurrean antolatzearen ezinbestekotasun" aldarrikatu du: "Beharrezkoa ikusten dugu emakume langileon kontrako erasoen aurrean erantzun eraginkorrak hedatzen joatea". 

Barakaldon gertaturikoa hilketa matxista dela baieztatzen bada, aurtengo bigarrena litzateke. Azken hilketa matxista urtarrilean jazo zen.