Tuterako hilketa matxista salatu dute hainbat lagunek

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 13a, 20:57

Urola Erdiko Itaiak deituta, elkarretaratzea egin dute plazan, Sara Pinaren hilketa salatzeko, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Dozenaka lagun elkartu dira protestan.

Astelehenean Tuteran (Nafarroa) hilda aurkitu zuten Sara Pina 38 urteko emakumea, indarkeria zantzuekin. Labanarekin egindako zauriak zituen hilotzak, eta haren senarra izan da hasieratik hilketaren susmagarri nagusia. Astearte eguerdian atxilotu zuten gizona Boisredonen (Frantzia). Hilketa hori salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Azpeitiko plazan, 19:00etan hasita, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean, Urola Erdiko Itaiak deituta. Dozenaka lagun elkartu dira protestan.

Itaiak salatu duenez, ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako "testuinguru paregabea" sortzen du. "Ondorioz, emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte, gure zaurgarritasun egoera baliatuz", erantsi du. Itaiak "beharrezkotzat" jo du emakume langileek erasoen aurrean erantzun "eraginkorrak" hedatzea, horiek gauzatzen dituzten "figurak seinalatzea" eta emakumeak egoera horretatik askatzeko "baliabide ekonomikoak zein sozialak" garatzeari ekitea.

Azpeitiko Udalak ere salatu du Tuterako hilketa matxista, eta biktimaren senitartekoei eta gertukoei elkartasuna adierazi die. Era berean, mugimendu feministak hilketa salatzeko antolatzen dituen mobilizazioekin bat egin du erakundeak. Bestalde, udalak herritarrei eskatu die, erasoren batekin jabetuz gero, Udaltzaingora (943-15 13 13), Ertzaintzara (943-08 37 80) edo larrialdi zerbitzuetara (112) jotzeko.

(Argazkiak: Urola Erdiko Itaia)