Bilbon aurkeztu dituzte saninazioetako zezenketak

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 8a, 15:51
Ezkerretik eskubira, Txetxu Iriarte, Jorge Urizar, Joxin Iriarte eta Javier Beobide, atzoko aurkezpenean. (Azpeitiko Zezenzale Batzordea)

Besteak beste, Jorge Urizar margolariak egin duen kartela jendaurrean azaltzeko baliatu du hitzordua Azpeitiko Zezenzale Batzordeak. Desenkajonamendua uztailaren 27an egingo dute. Zezenketetarako sarrerak Interneten jarriko dituzte salgai, uztailaren 1etik aurrera.

2022ko San Inazio feriaren jendaurreko aurkezpena egin zuen atzo Azpeitiko Zezenzale Batzordeak, ezohiko tokian. Bilboko Cocherito zezenzale kluba aukeratu dute aurten Azpeitiko zezenketen berri luze eta zabal emateko, eta han izan ziren atzo Joxin Iriarte batzordeburua eta Javier Beobide eta Txetxu Iriarte batzordekideak. Duela bi urte hildako Santiago Iriarteren omenez aukeratu dute aurten Bilbo zezenzale batzordekoek, Joxin Iriartek azaldu zuenez.

Joan den otsailean iragarri zuen Azpeitiko Zezenzale Batzordeak bi urteko etenaren ostean 2022an itzuliko zirela zezenketak Azpeitira; hiru zezenketen datak eta ganadutegien izenak jakinarazi zituen orduan. Apirilean, berriz, toreatzaileen izenak iragarri zituen batzordeak.

Aurrez iragarritakoaren gainean aldaketarik ez zuten eman atzo, baina ez zen izan berrikuntzarik gabeko aurkezpen bat. Horrela, besteak beste, aurtengo zezenketak iragarriko dituen kartela jendaurrean aurkezteko baliatu zuten hitzordua. Jorge Urizar margolariak egindako irudia da, eta Sierbetako komentuari pisu berezia eman nahi izan dio artistak. Urizarrena zen, halaber, 2019ko kartela, eta 2022an erabiliko dutena berez 2020rako egin zuena da.

Zezenketa feriaren lehen hitzordua noiz izango den ere aurreratu zuten; uztailaren 27an, asteazkenarekin, egingo dute zezen plazan saninazioetan toreatuko dituzten zezenen desenkajonamendua, 19:00etan.

Sarrerak, uztailaren 1etik aurrera

Zezenketak iragazrtzeko kartelean zehaztu dutenez, Interneten bi tokitan jarriko dituzte salgai saninazioetarako zezenketetarako sarrerak: torosdeazpeitia.com eta servitoro.com webguneetan.

Abonuak uztailaren 1etik 16ra bitartean salduko dituzte, eta hortik uztailaren 23ra bitartean, berriz, sarrera solteak.