Sanjuandegiko festak 2022

Horrenbeste esperotako Mantangorriren jaitsierarekin, hasi da festa Sanjuandegin

Anartz Izagirre 2022ko eka. 3a, 19:36

Azken egunetan festa usaina dagoeneko igartzen bazen ere, ofizialki gaur hasi dira Sanjuandegiko festak Mantangorriren jaitsierarekin. Bi urteko etenaren ostean, jende mordoxka inguratu da Sanjuandegiko maskota agurtzera, eta giro ederra sortu da auzoan.

Heldu da Mantangorri Sanjuandegira. 2020an eta 2021ean ez zen posible izan, baina 2022an garaiz eta osasuntsu heldu da Mantangorri jaiak iragartzera. Herenegun eta atzo hainbat ekitaldi izan ziren auzoan herritar guztien gozamenerako, eta gaur, ostirala, Mantangorriren etorrerarekin ofizialki hasi dira festak auzoan, nahiz eta arratsaldean jada motorrak berotu dituzten auzotarrek skate parkearen agurrarekin. 19:00etarako jende mordoxka zegoen Jose Antonio Agirre plazan zapi eta kamiseta gorriak soinean, eta ordurako heldu da Mantangorri. 

Suzirien ondotik, kalejira izan da auzoko kaleetan zehar buruhandiekin, erraldoiekin eta trikitilariekin, eta hemendik aurrera festak ez du etenik izango igandera bitartean. 20:00etako batukadaren ostean, Gazte Afaria izango da, eta, ondoren, areto dantzen emanaldia eskainiko dute Jose Mari Orbegozoren ikasleek. Musikazaleek ere izango dute jaiez gozatzeko abagunea; izan ere, karpan Rodeo, No Place eta Laket taldeek kontzertua eskainiko dute, eta txosnan Natx, B2B, Meriton, P4ul, Kanpax, Enesound eta Jos_U DJak izango dira.

Hona hemen gaurko egitaraua:

  • 20:00. Batukada.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Areto dantzen emanaldia.
  • 23:00. Rodeo, No Place eta Laket taldeen kontzertuak karpan.
  • 23:00. Natx, B2B, Meritron, P4ul, B2B, Kanpax, Enesound eta Jos_U, txosnan.