Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketaren finala Azpeitira lekualdatu dute, eta ekainaren 12an izango da

Anartz Izagirre 2022ko eka. 1a, 15:22
Ilunpeko eta Gazteleku 2 taldeko jokalariak, igandean, Izarraitz pilotalekuan. (Ilunpeko Erreminta Saila)

Andoainen ziren txapelketaren finala jokatzekoak igande honetan, baina azkenean Izarraitz pilotalekuan izango da neurketa datorren ekainaren 12an. Ordiziako Oiangu taldeak eta Gazteleku 2k jokatuko dute finala, eta horren aurretik, Ilunpek eta Tolosak hirugarren eta laugarren postuen lehia izango dute.

Joan den igandean jokatu zuten Izarraitz pilotalekuan Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketaren finalerdia, eta Ilunpeko Erreminta Saileko palistak finalerako txartelik gabe gelditu ziren, Andoaingo Gazteleku 2 taldearen aurka 27-45 galduta. Igande honetan, ekainak 5, txapelketaren finala jokatu behar zuten Andoainen Ordiziako Oiangu taldeak eta Gazteleku 2 taldeak, baina finala Azpeitira lekualdatu du orain Gipuzkoako Pilota Federazioak.

Beraz, datorren ekainaren 12an, igandea, Izarraitz pilotalekuan izango da Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketaren finala. Hasteko, Ilunpeko Mikel Sanchezek eta Eneko Martijak Tolosaren aurka neurtuko dituzte indarrak, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko. Horren ostean, 11:00etan, txapelketaren finala jokatuko dute Oainguk eta Gazteleku 2k.