Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Azpeitiak 2 eta 1 galdu ditu Herriarteko Txapelketako final-laurdenetako joaneko partidak

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 28a, 09:17
Kadeteen eskuzko partidako une bat, atzo, Ataunen. (Martin Aramendi)

Azpeitiko pilotariek atzo jokatu zituzten final-laurdenetako joaneko partidak Ataunen, eta 2 eta 1 galdu zuten Ilunpekoak. Larruzko paleta eta pala motzeko Azpeitiko kirolariak lehiatik kanpo gelditu dira.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final-laurdenetan murgilduta da Azpeitia. Atzo jokatu zituzten Azpeitiko pilotariek kanporaketa horretako joaneko partidak Ataunen, eta 2 eta 1 galdu zuten Ilunpekoak. Hain zuzen ere, 22 eta 16 galdu zuten lehen neurketa, 22 eta 11 galdu zuten bigarrena, eta azkena izan zen irabazi zuten bakarra: 5 eta 22, hain zuzen ere.

Dena den, Azpeitiko pilotariek itzulerako partidak jokatu beharko dituzte datorren astean, eta Ataungoei aurre hartzeko aukera izango dute oraindik. Izarraitz pilotalekuan izango dira neurketa horiek, baina oraindik zehazteko daude eguna eta ordua.

Palistak kalera

Herriarteko larruzko paleta eta pala motzeko final-laurdenetako itzulerako partidak ere jokatu zituzten atzo Azpeitian. Hain zuzen ere, Azpeitiak Donostiaren kontra neurtu zituen indarrak, 20:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Larruzko paletan Haritz Aranbarri eta Mikel Sanchez aritu ziren, eta 34-35 galdu zuten neurketa. Pala motzean, Eneko Martija eta Urtzi Lopetegi lehiatu ziren, eta 40-31 irabazi zuten partida.

Joaneko partidak joan zen astean jokatu zituzten, eta azpeitiar kirolariek ezin izan zituzten donostiarrak mendean hartu orduan ere: 2 eta 0 galdu zuten. Atzokoan ez zuten lortu Azpeitikoek markagailuari buelta ematea, eta beraz, Herriartekotik kanpo gelditu dira.