Juan Antxietakoen 'Adin eta generorik gabeko aste musikalak' bete du hirugarren jardunaldia

Mailo Oiarzabal 2022ko mai. 18a, 20:31

Bi emanaldi egin dituzte gaur Sanagustinen, metal instrumentuen arloko ikasleena lehendabizi, eta piano ikasleena ondoren. Bihar, Musikeneko ikasleak batuko zaizkie Azpeitiko musika eskolakoei; eta etzi bukatuko da aste musikala, ahotsen erakustaldiarekin.

Juan Antxieta musika eskolak antolatutako Adin eta generorik gabeko aste musikalak beste jardunaldi bat, hirugarrena, bete du gaur Sanagustin kulturgunean. Gaurkoan, gainera, bi saiotan banatuta aritu dira musika eskolako ikasleak.

18:00etan, metal instrumentuen ikasle gazteak igo dira Sanagustineko arkupeko oholtza txikira. Banaka, binaka edo taldean, flauta, saxofoia eta klarinetea jotzen ikasten ari diren ikasleek pieza bana edo bina eskaini dituzte lehen saio horretan –han hartutakoak dira bildumako argazkiak–. 19:30ean, berriz, piano ikasleek hartu dute metal instrumentuen ikasleen txanda.

Musikeneko ikasleak ere bai

Bihar, osteguna, Juan Antxieta musika eskolak antolatutako aste musikalaren barruko azkenaurreko emanaldia izango da. 18:30ean hasita, musika eskolako eta Musikeneko metal instrumentuen ikasleak ariko dira Sanagustineko agertokian. 

Hain zuzen ere, duela bi urte Musikenen sortutako Sonohoka Brass metal boskoteak eskainiko du emanaldia. Jaime Martin eta Javier Navarro tronpeta-jotzaileek, Haizea Vallecillo tronpistak, Julia Osses tronboi tenorrak eta Alberto Perez tronboi baxu-jotzaileak osatutako taldea izango da biharko jardunaldiko gonbidatu berezia. Horiek hiru obra eskainiko dituzte.

Etzi, ostirala, bukatuko da aurtengo aste musikala, eta Juan Antxietako ahotsak eta ahots taldeak entzuteko aukera izango dute Sanagustinera joaten direnek, 19:30ean.