Antxieta musika eskolako ikasleek hainbat emanaldi eskainiko dituzte datozen egunetan

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 11a, 09:30
Juan Antxieta musika eskolako ikasleen zuzeneko bat, iazko maiatzean.

Adin eta generorik gabeko aste musikala izenburupean, bost emanaldi izango dira datozen egunetan Sanagustin kulturgunean. Ostiralean egingo dute lehen saioa; perkusio, txistu, trikiti, pandero eta gitarra doinuak entzun ahal izango dira 19:00etan.

Juan Antxieta musika eskolako kideek hainbat emanaldi antolatu dituzte maiatzerako, Adin eta generorik gabeko aste musikala izenburupean. Guztira, bost saio eskainiko dituzte, eta etzi, ostirala, izango da horietako aurrena. Perkusio, txistu, trikiti, pandero eta gitarra ikasleen txanda izango da ostiraleko saioan; 19:00etan izango da ikuskizuna Sanagustin kulturgunean, eta horren aurretik, kalejira egingo dute.

Datorren asteartean, maiatzaren 17an, izango da hurrengo saioa. Kasu horretan, biolin jotzaileen txanda izango da; 19:00etan eskainiko dute emanaldia, Sanagustin kulturgunean. Hurrengo egunean, asteazkenean, bi saio izango dira, Sanagustin kulturgunean: 18:00etan, flauta, saxofoia eta klarinetea joko dituzte, eta 19:30ean, piano jotzaileen txanda izango da. Ostegunean, musika eskolako eta Musikeneko metalak entzun ahal izango dira, 18:30etik aurrera, leku berean. Ostiralean, bestalde, ahotsen txanda izango da; 19:30ean hasiko da saioa, Sanagustinen bertan.