Buru osasunaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte Azpeitian

Ihintza Elustondo 2022ko mai. 14a, 10:00
Leire Goenaga, Garbiñe Larrea, Nagore Alkorta eta Iñigo Antsorregi, jardunaldien aurkezpenean. (Ihintza Elustondo)

Azpeitiko Udalak antolatuta, suizidioari eta depresioari lotutako hiru hitzaldi izango dira herrian. Buru osasunean adituak direnek ez ezik, gaia lehen pertsonan bizi duten hainbat herritarrek ere parte hartuko dute saioetan. Maiatzaren 19an hasiko dira jardunaldiak, Iñigo Antsorregiren eta Xabier Lertxundiren solasaldiarekin.  

Depresioaz, suizidioaz eta buru osasunaz hitz egin egin behar dela iritzita, buru osasunaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Guztira, hiru hitzaldi izango dira maiatzean eta ekainean herrian, eta atzo, ostirala, egin zuten saio horien aurkezpena, udaletxean. Bertan izan ziren Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua eta jardunaldietan parte hartuko duten Iñigo Antsorregi nahiz Garbiñe Larrea.

Alkortak, lehen-lehenik, Antsorregiren eta Larrearen presentzia eskertu nahi izan zuen atzoko agerraldian: "Uste dugu buru osasunaren gaia landu egin behar dela; profesionalek hitz egin behar dute gaiaz, baina iruditzen zaigu esperientzia hori bizi duten pertsonek beren bizipenak herritarrekin partekatzea ere oso garrantzitsua dela, gaia nolabait normalizatzeko. Seguru aski ez da batere erraza jende aurrean esperientzia horiek kontatzea, eta horregatik eskertu nahi dugu Garbiñeren eta Iñigoren ausardia eta eskuzabaltasuna", esan zuen.

Buru osasunaren inguruko jardunaldiak 2020ko martxoan ziren egitekoak berez. Alkortak gogorarazi zuenez, garai hartan herrian suizidio batzuk izan ziren, eta horren harira gaia lantzea beharrezkoa iruditu zitzaien udal ordezkariei. Dena den, izurria tarteko, bertan behera utzi behar izan zituzten saio haiek. Orduan, depresioa duten pertsonekin nola jokatu behar den lantzeko saio batzuk egin zituzten botikariekin eta ostalariekin, baina ezin izan zituzten jardunaldiak egin. Pandemiaren ondorioz, buruko gaitzen presentzia areagotu egin dela gogorarazi zuen Alkortak, eta beraz, egungoa "testuinguru egokia" iruditu zaie jardunaldiak berrartzeko.

Munduko Osasun Erakundeak emandako datu batzuk mahai gainean jarri zituen Alkortak. Erakunde horren arabera, batez beste, mundu osoko 800.000 pertsonak egiten dute beren buruaz beste urtean. Euskal Herrian, bestalde, bi egunetik behin pertsona batek bere burua hiltzen du. "Datuak dira aipatu ditudan horiek, datu gordinak, baina datu horien atzean pertsonak, familiak eta lagunarteak daude, bizitza osoak. Iruditzen zaigu horrelako gaiak herritarrekin landu egin behar direla, ahal den neurrian eragiteko. Horri lotuta, gure konpromisoa azaldu nahi dugu".

Gaia lantzeko hiru saio

Goenagak, bestalde, jardunaldien gaineko xehetasunak eman zituen. Saioak maiatzaren 19an, 26an eta ekainaren 2an –hiru ostegunetan– izango dira, 18:00etan hasita, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Lehen saioan Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruak eta Iñaki Antsorregi depresioa izan duten gazteak parte hartuko dute. Bigarren saioan, Biziraun elkarteko kideek hartuko dute hitza; maite duten norbaiten suizidioak mindutako pertsonen elkartea da hori. Zehazki, Agustin Erkizia eta Eva Bilbao izango dira hizlariak. Hirugarren eta azken saioan, berriz, Aitziber Garmendia eta Garbiñe Larrea izango dira protagonistak. "Biei antzeko egoerak bizitzea tokatu zaie, nahiz eta momentu honetan oso fase ezberdinetan aurkitzen diren. Oso gertuko pertsona bat, bikotekidea, kidea, laguna, galdu dute suizidioaren ondorioz, eta beren esperientzia azalduko dute", azaldu zuen Goenagak.

Saioetan parte hartzeko, ez dago aurrez izena eman beharrik; nahikoa izango da hitzaldiaren lekura bertaratzea. "Herritar oro animatu nahi dugu saioetan parte hartzera, antzeko egoera bat gertutik bizitzea tokatu edo ez. Jardunaldiak elkarbanatzeko, ikasteko nahiz entzuteko izango dira; oso inportantea da gai honen inguruko bizipenak elkarbanatzea. Iruditzen zaigu hiru hitzaldiak oso interesgarriak izango direla", erantsi zuen Goenagak.

Egitaraua

Saio guztiak Azoka Plazako lehen solairuan izango dira, 18:00etan.

  • Maiatzak 19, osteguna.

Hitzaldia: Depresioa eta suizidioa.

Hizlariak: Xabier Lertxundi Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Kudeaketa Klinikoko Unitateko burua eta Iñigo Antsorregi Dierez depresioa izan duen gaztea.

  • Maiatzak 26, osteguna.

Hitzaldia: Suizidioa prebenitu, bizitza sustatzeko.

Hizlariak: Agustin Erkizia eta Eva Bilbao Biziraun elkarteko kideak.

  • Ekainak 2, osteguna.

Mahai ingurua.

Hizlariak: Aitziber Garmendia eta Garbiñe Larrea.

Dinamizatzailea: Ihintza Elustondo.