Soreasu goraino beteta zela aurkeztu dute 'Agirretarren bandera' antzezlana

Julene Frantzesena 2022ko mai. 9a, 10:19

Ekida arte ekimen sozialistak proiektu berria aurkeztu zuen zapatuan Azpeitian, eta 500 lagun baino gehiago izan ziren estreinaldian. Arratsaldean, gainera, kontzertu akustiko bat eta bertsolarien saioa izan ziren plazan, eta Desgaraian eta Rodeo musika taldeen kontzertuak, berriz, gauean, Gaztetxean.

Ekida arte ekimen sozialistak proiektu berria aurkeztu zuen zapatuan Azpeitian: Agirretarren bandera antzezlana. Soreasu antzokian estreinatu zuten obra, leporaino beteta zela; 500 lagun inguru izan ziren han.

Agirretar familia bat da antzezlanaren protagonista, eta Eugenio Agirreren heriotza da antzezlanaren abiapuntua. Eugenioren bi alabek eta hiru bilobek bizitakoak jasotzen ditu obrak, bi belaunaldi parez pare jarrita, eta krisi kapitalistaren garaian sortutako kezkak, ezinegonak eta hausnarketak plazaratuko dituzte horiek.

Ekidak ekoiztutako obraren sorkuntza prozesuan hainbat lagunek parte hartu dute, hala nola Ainhoa Mariezkurrenak, Ane Biainek, Aratz Fernandez de Pinedok, Ibon Gerrak, Lurdes Ondarok, Maialen Mallesek, Mikel Izurietak, Naiara Azpilikuetak, Onintze Goitizek eta Paul Beitiak. Bost lagunek egin dituzte antzezle lanak, eta Eñaut Zubizarreta Trigger arduratu da zuzeneko musikaz.

Azpeitian estreinatu badute ere, Euskal Herriko beste hainbat txokotara eramango dute obra aurrerantzean. Ekidak azaldu duenez, datozen hilabeteetan beste herri batzuetan emanaldiak eskaintzea da asmoa, baina ez soilik antzokietan, kalean ere bai.

Agirretarren bandera antzezlana ez ezik, musika emanaldi akustikoa izan zen zapatu arratsaldean bertan plazan, eta gero lau bertsolari aritu ziren kantuan: Aitor Bizkarra, Maide Garmendia, Beñat Astiz eta Gorka Pagonabarra. Gauean, berriz, Desgaraian eta Rodeo musika taldeen kontzertuak izan ziren Gaztetxean, eta DJ Mitoren emanaldia haien ostean.

(Argazkiak: Ekida)