MIKEL IZURIETA ETA PAUL BEITIA

"Gure garaia oholtzan gorpuztea izan da asmoa, bizi dugun errealitateaz eta horri erantzuteko beharraz hitz egitea"

Maialen Etxaniz 2022ko mai. 6a, 08:15
Paul Beitia eta Mikel Izurieta, Azpeitian. (Maialen Etxaniz)

Ekidak Agirretarren bandera antzezlana estreinatuko du bihar Soreasu antzokian. Familia bati buruzko obra da antolatu dutena, baina ez hori bakarrik. "Porrotaren eta krisiaren garaiari" buruzko lana da, "eta hari erantzun beharra, oholtzara eramana". Obraren antolakuntza prozesuan murgilduta ibili dira Mikel Izurieta (Azpeitia, 1996) eta Paul Beitia (Zarautz, 1997) beste hainbat kiderekin batera. Aireratzear diren lanaren inguruan solastu dira haren estreinaldiaren bezperetan. 

Agirretarren bandera antzezlana estreinatuko du bihar Ekidak Azpeitiko Soreasu antzokian. Arratsaldetik gauera bitarteko egitaraua prestatu dute antzezlanaren estreinaldia borobiltzeko, eta antzerkiaren aurretik, bertsolariak, mural margoketa eta kontzertu akustikoa izango dira, plazan. Ondoren, 19:00etan, oholtzaratuko dute ia urtebetez antolatzen aritu diren obra. Sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Eñaut Zubizarreta Trigger-ek jarri dio musika antzezlanari, eta Naiara Azpilkueta, Ane Biain, Aratz Fernandez de Pinedo, Onintze Goitiz, Maialen Malles, Ainhoa Mariaezkurrena, Lurdes Ondaro, Ibon Guerra, Paul Beitia eta Mikel Izurieta aritu dira zuzendari, teknikari  gidoigile eta antzezle lanetan. Egunotan gelditu gabe aritu dira lanean, azken entsegu eta prestaketetan, baina Beitiak eta Izurietak hartu dute tartea Uztarriarekin elkartu eta antolatutako lanaren inguruan aritzeko.  

Agirretarren bandera antzezlana aurkeztuko duzue larunbatean Azpeitian. Zer kontatzen du edo kontatu nahi du obrak?

Gure garaia oholtzan gorpuztea izan da gure asmoa, bizi dugun errealitateaz eta horri erantzuteko beharraz hitz egitea. Krisia, porrota, noraeza, pobretzea… horiek dira gaur egungo garaiko hitzak eta Agirre familiaren istorioa erabili dugu gai horiez hitz egiteko. Langile-familia baten bizimodua kontatu nahi dugu, edonorena izan daitekeena. Aitonaren heriotzarekin hasiko da istorioa, hori du abiapuntua.

Nondik dator antzezlan hori gorputzeko ideia, nahia edo grina? 

Iaz jada beste obra eszeniko bat antolatu genuen Ekidatik, Manifestua. Egitasmoa sortu berri genuen, eta aurkezpen bezala erabili genuen. Proba bat ere bazen: zer den obra bat sortzea, zer eskatzen duen teknikoki eta azpiegitura kontuetan… Oraingoan beste obra bat egin dugu, antzezlan bat, baina aurreko esperientziatik ikasitako guztiarekin. Ekidatik artea antolatu nahi dugu politika iraultzailearentzat baliabide izan dadin, eta, horretarako, gero eta arte-diziplina gehiagotan lan egitea da asmoa. Uste dugu arte eszenikoek potentzial politiko handia izan dezaketela.

Denbora asko igaro da ideia bururatu eta obra gorpuztu den arte. Nolakoa izan da sormen prozesua? Bide horretan, zer izan da zailena eta zer gutxien kostatu zaizuena? 

Irailean hasi ginen biltzen, prozesu luzea izan da. Obrak dirauen bitartean gertatzen den oro zaindu behar da, eszenografia, argiak, jantziak… mezu bati indarra ematen dion atmosfera sortu, horrela publikoarekin bat egin eta bizipena erreala egin arte. Antzerkian eta literaturan aritutako jendea gara, baina ez gara profesionalak, eta geure kabuz egin dugu guztia. Baina horrek egin du, hain justu, prozesua intentso eta aberasgarri.

Antzerkian eta literaturan aritutako jendea gara, baina ez gara profesionalak, eta geure kabuz egin dugu guztia.

Ikasi ere egingo zenuten… 

Asko ikasi dugu bide osoan. Dena geure kabuz egiteak, ia hutsetik, bihurtu du prozesua hain intentso eta aberasgarri. Sozialismoaren aldeko funtzio politikoa beteko duen arte-ekoizpena antolatu nahi dugu eta, teorian, badakigu zer esan nahi dugun horrekin, baina praktikan erabakiak hartu behar dira eta horrek asko eztabaidatzea eta probatzea eskatzen du.

Zein osagarri ditu antzezlanak? Zer elementu uztartu dituzue bertan?

Antzezlanak hainbat osagarri ditu eta askotarikoak, bai tono aldetik, bai testu aldetik… Lan handia eskatu du dena ondo zehazteak eta fintzeak. Gainera, Eñaut Zubizarreta Trigger aretxabaletarrarren zuzeneko musikak jantziko du obra, eta dimentsio zeharo berri bat eman dio horrek.

Horrela zenioten obraren aurkezpen data jakinarazi zenutenean: “Garai berekoak dira gure ahotsak. Oinordetzan utzi digute leku bat munduan. Norentzat dira genituen ametsak guri ez badigute balio?”. Zergatik esaldi hori, obraren berri emateko? 

Esaldi horiek ondo laburbiltzen dute obraren gaia. Obra oso aktuala da eta uste dugu gure egungo garaia, zentzu politikoan, bi elementu nagusik ardazten dutela: politika iraultzailearen porrotak, kapitalismoari alternatiba errealik ezin eman ahal izateak, alegia, eta bizi dugun krisi ekonomiko sakonak. Guk edozein familiaren bizimodua kontatu nahi dugu, baina lotu nahi ditugu egunerokotasunaren problematikak bi elementu nagusi horiekin.

Berezi egitekotan, zerk egiten du berezi zuen antzezlana? 

Oinordetzan utzi diguten garaiaz hitz egin nahi dugu: ziklo politiko zaharreko porrotaz, derrotismoaz. Euskarazko artelanetan dezente lantzen dira gai horiek, garrantzi handia duelako gaur egungo egoera zehazteko orduan. Gu, ordea, saiatu gara derrotismo horretan ez gelditzen, adierazten egoera hori alda daitekeela eta aldatu egin behar dela.

Saiatu gara derrotismo horretan ez gelditzen, adierazten egoera hori alda daitekeela eta aldatu egin behar dela.

Agirretarren bandera aireratuko duzue larunbatean, kultur ekintzaz betetako egitarauarekin. Estreinaldia osatzera al datoz antolatutako gainerako ekintzak?

Ekidatik artea, bere osotasunean eta diziplina guztietan, antolatu nahi dugu ikuspegi komunistatik. Oraingoan antzezlan bat antolatu dugu, baina bagabiltza beste esparru batzuetan ere lanean. Larunbateko asmoa da arte-diziplina guztiak helburu berarekin antolatzeko asmoa gorpuztea. Horregatik, arratsaldetik ariko dira musikariak, bertsolariak eta margolariak plazan, eta, gauean, kontzertuak ere izango dira Azpeitiko Gaztetxean, Desgaraian, Rodeo eta DJ Mitoren eskutik.

Iaz plazaratu zuen Ekidak bere lehen ikuskizuna: Manifestua. Diziplinarteko lana zen hura. Egin zuen bere bidea, eta orain arte eszenikoetara egin duzue salto. Aurrera begira, zer asmo dituzue? 

Gero eta arte-diziplina gehiagotan aritzea da helburua, eta horretarako pauso bat izan da arte eszenikoekin hastea. Orain antzezlan bat antolatu dugu, baina aurrera begirako asmoz egin dugu. Esparru horretan lanean jarraituko dugu, obra eta formatu gehiago probatzen, arte eszenikoak ere politika sozialistaren baliabide gisa antolatzen.