Giro bikaina sortu du Euskal Herriko Elektrotxarangen Lehiaketaren lehen saioak

Julen Imaz 2022ko mai. 8a, 09:31

AZTE tabernarien elkarteak eta udalak antolatutako egitasmoaren lehen saioa izan zen atzokoa. Elektrotxufla eta Zütik elektrotxarangak aritu ziren plaza eta Perez Arregi arteko bidea musikaz girotzen. Herritar ugari ibili zen bi taldeen doinuen erritmoan dantzan.

Atzo hasi zen Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa, giro ezin hobearekin. AZTE tabernarien elkarteak eta udalak antolatutako egitasmoaren lehen saioa izan zen atzokoa, eta maiatzeko azken bi zapatuetan izango du jarraipena.

Sei elektrotxaranga lehiatuko dira lehen edizioan, eta atzo lehenengo biak ikusteko, entzuteko eta gozatzeko aukera izan zuten azpeitiarrek. Hain zuzen ere, Elektrotxufla izeneko elektrotxaranga izan zen Azpeitiko kaleak astintzen lehena. Plazan nahiz Erdikalean jende ugari elkartu zen haien musikarekin batera dantzatzeko gogoz, eta Perez Arregi plazan amaitu zuen ibilbidea. Hantxe bertan hasi zuen, aldiz, ibilbidea, Zütik elektrotxarangak eta plazan bukatu, eta talde horri ere ez zitzaizkien jarraitzaileak falta izan.

Maiatzaren 21ean elektrotxarangez gozatzeko beste aukera bat izango dute azpeitiarrek. Izan ere, Sare Egunez, Game of Txaranga eta 3Indarrok elektrotxarangen txanda izango da. Hirugarren eta azken txanda maiatzaren 28an izango da, eta Matraka eta OstiKda elektrotxarangak ariko dira giroa alaitzen.

Talde guztien emanaldien ostean, epaimahaiak erabakiko du zein den Euskal Herriko Elektrotxarangen Lehiaketaren lehen edizioaren irabazlea. 6.000 euroko saria jasoko du lehiaketaren irabazleak.