Musika lehia, kaleak bizitzeko

Gipuzkoako Hitza 2022ko mai. 6a, 17:00
Antolatzaileak, babesleak eta Elektrotxufla taldeko kideak, Azpeitiko Erdikalearen sarreran, lehiaketaren ibilbidearen muinean. (Mailo Oiarzabal)

Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa egingo dute bihar, Azpeitian. Maiatzaren 21ean eta 28an ere izango dira emanaldiak, eta sei taldek parte hartuko dute egitasmoan. Mailo Oiarzabal kazetariak egitasmoaz erreportajea egin du Gipuzkoako Hitzarako.

Udako jai nagusiak iristeko ia bi hilabete falta dira, baina maiatzean ere ez da festa girorik eta musikarik faltako Azpeitiko kaleetan. Egitasmo berri baten bidez etorriko dira biak: Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa. Alde Zaharreko Tabernarien Elkartearen (Azte) ekimenez antolatu dute kaleko musika taldeentzako lehiaketa hori, Euskal Herrian orain arte sekula egin gabea; Azpeitiko Udalak bat egin du antolaketa lanekin.

"Maiatzari indar pixka bat eman nahi genion, eta iruditu zitzaigun elektrotxarangena ideia polita zela. Inon egiten ez duten eta behin ere ikusi gabea den zerbait dela uste dut", dio Omar Aizpuru Azpeitiko tabernariak. Udalak gustura hartu du Alde Zaharreko ostalarien ekinaldia. "Buruan genuen gauza bat zen", esan du Mikel Odriozola Udaleko Festa batzordeburuak. "Proposamen ona iruditu zitzaigun, eta tabernariekin elkarlanean gauzatu ahal izan dugu. Zer egoeratatik gentozen kontuan izanda, aukera aproposa zen kaleko giroa janzteko".

Azteko kideak eta udala urte hasieratik ari dira lehiaketa prestatzen, eta antolatzaileak buru-belarri ibili dira egunotan azken xehetasunak lotzen eta fintzen. "Zer eguraldi iragarri dute larunbaterako?", galdetu du Aizpuruk. Horixe dute kezka iturri nagusia antolatzaileek, haien esku ez dagoen xehetasun bakarrenetakoa. Hala ere, aurreratu dute euria eginez gero ere aurrera egingo luketela. "Oso-oso eguraldi txarra egin beharko luke lehiaketa hankaz gora uzteko".

Kalean behera, kalean gora

Hiru egunetan egingo dute Euskal Herriko I. Elektrotxaranga Lehiaketa; bihar izango da lehen jardunaldia, eta hilaren 21ean eta 28an beste biak. Guztira, sei elektrotxaranga lehiatuko dira 6.000 euroko sari bakarra eskuratzeko: Zutik, Elektrotxufla, Game of Txaranga, 3indarrok, Matraka eta OstiKda.

Jardunaldi bakoitzean bi musika talde ariko dira, baina ez aldi berean. Egun bakoitzean talde bat hasiko da lanean, 19:00etan, Plaza Nagusian; handik, Plaza Txikia eta Erdikalea zeharkatuta, Perez Arregi plazaraino iritsi, eta han bukatuko dute ibilbidea. Bigarren taldeak, berriz, alderantzizko bidea osatuko du, Perez Arregitik herriko plazaraino, 20:30ean hasita. Horrela, ordu eta erdiko lana osatuko du talde bakoitzak, eta, egun bakoitzean, musikaz beteko dira Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak, hiru orduz.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.