115 taldek parte hartuko dute etzitik igandera 3x3 Futbol Festan

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 20a, 09:00
3x3 Futbol Festaren aurreko edizio bateko irudia.

Izena eman duten Azpeitiko eta Azkoitiko taldeek bihar jaso beharko dituzte kamisetak, 17:00etatik 18:30era, Sanagustinpean. Beste herrietako taldeei txapelketaren egunetan banatuko dizkiete.

Ostiraletik igandera, goiz eta arratsalde, 3x3 Futbol Festa hartuko du Azpeitiko plazak. Eguraldiak baldintza dezake, hala ere, txapelketaren behin betiko kokapena; momentuz plazan mantentzen dute hitzordua, baina eguraldi txarra bada, baliteke antolatzaileek dagoeneko prest duten ordezko toki batean jokatzea.

Duela zazpi urte egin zuten azkenekoz Azpeitia Cupek antolatzen duen txapelketa hori herrian, eta aurten itzuliko da. Apirilaren 1ean itxi zuten izen-ematea, eta 115 taldek parte hartuko dute hiru eguneko kirol festan; Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko 500dik gora neska eta mutil ariko dira futbolean antolatzaileek egokitutako belar artifizialezko bi zelaietan. Antolatzaileek gogoratu dute 3x3 futbol festa horixe dela, "festa bat", eta ez lehiaketa. "Futbol festa ez da txapelketa bat, ez baitago irabazlerik eta galtzailerik", errepikatu dute, eta "herritar guztiak gonbidatu" nahi dituzte datorren asteburuan kirol ikuskizunaz eta festa giroaz gozatzera.

Kamiseta banaketa

3x3 Futbol Festa hasi bezperan, bihar, banatuko dituzte antolatzaileek parte-hartzaileek partidak jokatzeko erabiliko dituzten kamisetak.

Hain zuzen ere, bihar 17:00etatik 18:30era jaso ahalko dituzte taldeek beren elastikoak Sanagustinpean. Biharko kamiseta banaketa, ordea, Azpeitiko eta Azkoitiko taldeei zuzenduta dago soilik; beste herrietako taldeei txapelketaren egunetan banatuko dizkiete dagozkien elastikoak.