Zazpi urteren ostean, Azpeitira itzuliko da 3x3 Futbol Festa apirilean

Julene Frantzesena 2022ko ots. 2a, 10:46

2015ean Betharrametako pilotalekuan jokatu zuten 3x3 futbol festa.

Azpeitia Cupek antolatuta, Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute apirilaren 22an, 23an eta 24an izango den egitasmoan. Dagoeneko zabalik da izena emateko epea. Boluntarioei 3x3 egingo den egunetan laguntzeko deia egin diete antolatzaileek.

Zazpi urteko etenaren ostean, apirilean Azpeitira itzuliko da 3x3 Futbol Festa. Azpeitia Cupek antolatuta, Haur Hezkuntzako 4. mailatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko gaztetxoek –2010 eta 2017 urteen artean jaiotakoek– parte hartu ahal izango dute apirilaren 22an, 23an eta 24an izango den futbol egitasmoan. Hain zuzen ere, Azpeitiko, Azkoitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Zumarragako, Urretxuko nahiz Legazpiko umeek izango dute futbolean aritzeko aukera.

Dagoeneko zabalik da 3x3 egitasmoan parte hartzeko izen emate epea: herritarrek Azpeitiko Ufito haur arropa dendan edo Halcon bidaia agentzian nahiz Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendan eta Ñam-Ñam gozoki dendan dago horretarako aukera, eta haur bakoitzak hamabi euro ordaindu beharko du. Parte-hartzaile bakoitzak kamiseta bat –horrekin jokatu beharko du partida- eta domina bana eskuratuko du.

Partida guztiak futbol festaren antolatzaileek Azpeitiko plazan jarriko dituzten belar artifizialdun bi futbol zelai txikietan jokatuko dituzte. Taldeak 4-5 jokalariz osatu beharko dira –hiru jokalari eta bi ordezko–, eta taldeok mistoak izan daitezke. Dena den, umeek banaka izena emateko aukera izango dute, haurren bat talderik gabe baldin bada, antolatzaileak arduratuko baitira horik osatzeaz. Partida bakoitza hamar minutukoa izango da, eta ez du atsedenaldirik izango.

Azken urteetan Azkoitian jokatu da 3x3 Futbol Festa, azkenengoz joan zen urrian, eta 600 umek baino gehiagok parte hartu zuten orduko hartan. Antolatzaileek adierazi dutenez, Azpeitiko edizioan ere halako parte hartzea espero dute. Gainera, egitasmoaren helburu bakarra gaztetxoek futbolaren bidez "une ederrak" igarotzea dela adierazi dute horiek. "Jakinekoa denez, futbol festa ez da txapelketa bat, ez baitago irabazlerik eta galtzailerik".

Horrez gain, Azpeitia Cupeko kideek jakinarazi dutenez, egutegiak egiten "ahalik eta kontu gehien" izango dute, taldeek "ahal dela" egun berean joka ditzaten partida guztiak. Era berean, egun horietarako laguntza eskatu du taldeak, boluntarioak "gustura" hartuko dituztela adierazita. "Horiek 682 17 63 81 telefono zenbakira deitu dezakete, baita edozein zalantza duenak ere".