Iñaki Segurolaren heriotza

Non zeudek besarkadak

Eneko Ibarguren Agirre 2022ko api. 18a, 09:30
Iñaki Segurola 'Ogrue'.

Eneko Ibargurenek Iñaki Segurolaren agurreko ekitaldian irakurri zuen testua da honako hau.

"Jendea behar diat", esan hidaan hiru aldiz gutxienez, ez huela telefonoz hitz egitekoa, gaizki hengoela oso. Presa huen gelditzeko, baina neu ibili ninduan luzamendutan, asteazkenean elkartu gintuan arte. Loiolarako joan-etorria egitea huen asmoa, baina ez hintzela gai eta joateko hire etxera, mesedez.

Urduri samar egin nian barrura, egoera haunditxo gelditzen zitzaidaan, horixe esan nian heuri ere sartu orduko.

Besarkada bat eskatu hidaan.

Zer sentitzen huen galdetu nian, behin besaulkian eserita. "Puskatua diat barrua, norberak bizi ezean, etzegok esplikatzerik. Hau sufrimendu ikaragarria duk". Isiltasunak hartu zian egongela. Izan ere, zer esan puskatua dagoen lagunari. Nola osatu erabat hautsi den hori. Profesional baten laguntza behar huela, nekez esan ahal nian besterik, nere ezjakinetik, nere ezinetik. Baina ez huen entzun ere egin nahi ingreso baten aukera:

"Han ez zegok besarkadarik".

Atzera begira jarri hintzen, hil aurretik bizitzari errepaso bat ematen edo. Haurtzaroa, gaztaroa, idazten hasitako garaiak... 60 urtera iritsita, agian, bizitza honetan egin beharrekoak egin omen hituela. Bahituen hire damuak eta kulpak ere: ahoa gehiegi ireki izana, luma gehiegi astindu izana, honetaz eta hartaz esandakoak... "Ez diat inor indiferente utzi". Bahituen hilabete batzuk gai berari tiraka hasten hintzela, hitaz beste bat egin nahia sumatzen nian, eta hire buruaz beste egiten amaitu duk.

Izan ere, han ez zegoan besarkadarik.

Gaia aldatzera egiten nian, eta irakurtzen ari hintzen liburuaz hitz egin hidaan tarte batez. Argitasun pixkat sumatu nian aurpegian, baina berehala nian aurrean, berriz, puskatutako laguna. Eta orduan, orduan suizidioaren gaia atera huen, gordin, argi, erdibiderik gabe, hire estiloan. Ez huela bizi nahi, suizidioarena aukera bat zela, Garbiñegatik ez balitz, nahiagoko hukeela hemendik joatea. Joan? Nora? Galdetu nian, eta behatz batekin eta bi begiekin gora seinalatu huen. Nik ez nian sinetsi, Iñaki. Beti izan haiz dramatikoa, exajeratu hutsa. "Aterako haiz" edo antzeko topikoren bat bota niala uste diat. Ezer ez, alegia. Baina hi, hi benetan ari hintzen.

Inor ez duk indiferente utzi, eta ni ez nauk salbuespena.

Urrunago eta gertuago ibili gaituk azken urteetan, momentu ederrak pasatu dizkiagu elkarrekin, barrez lehertu nauk hire ondoan, eta haserrealdi batzuk ere izan dizkiagu. Elkarri aurrez aurre hitz egitekoak izan gaituk, eta ez gaituk, orain, zurikerian hasiko.

Inor ez duk indiferente utzi, eta bukatu ere horrela bukatu behar huen, denen ahotan.

Han etzegok besarkadarik, Iñaki, baina hemen, hemen bai.

Hire hutsuneak bete dik areto hau. Hi oroitzeko elkartu gaituk gaur hemen, hi maitatzeko, hi agurtzeko, eta, hire faltan, gutxienez, elkar besarkatzeko.

Ogrue haundi, sendo eta publikoaren itzalean, bazegoan Iñaki txiki, hauskor eta sentibera bat. Plazera izan duk Iñaki hori ere ezagutu izana.