Kultur taldeak

Antxieta Arkeologi Taldea

Azpeitiko Kultur Mahaia 2022ko api. 14a, 10:00

Sorrera: 1965.

Egoitza: Soreasu kultur gunea, Lan Gela bulegoa.


Atari digitalak:

Harremanetarako: antxieta.arkeologi.taldea@outlook.com
.

Historia: Antxieta Arkeologi Taldea, Gipuzkoan ikerketa arkeologikoa garatzen duen irabazi asmorik gabeko talde kulturala da; 1965ean sortua, Andoni Albizuri Katxo-k eta Rafael Rezabalek. Arkeologi Prehistorikoaren barruan, taldearen lana ikerketaren lehen fasea da: Gipuzkoako aran ezberdinetan aztarnategi prehistorikoak izan litezkeenak aurkitzen saiatzen da. Antxietaren lana aurrehistoriako arrastoen aurkikuntzan oinarritzen da, bai haitzuloetan, baita aire librean ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin ikerketako lehen fasean murgiltzen da. Hau da, inguruetako aran eta mendietan miaketak eta zundaketak egin, laginak eta materialak analizatu eta azterketa orokor bat egiten die, aurkikuntzaren ezaugarriak neurtzeko. Behin-behineko estratigrafia ere finkatzen du, material arkeologikoekin eta laginekin. Lan hau arkeologo aditu baten zuzendaritzapean eta elkarlanean egiten du. Ikerketaren lehen fasea amaitzean, material guztiak siglatu eta inbentariatzen dituzte. Ondoren, Gordailura entregatzen dira, aldundiaren arkeologia ondarearen gordetegira, dagokien katalogazio ofiziala egiteko eta ikerlari guztien eskura egoteko, informazio eta txosten guztiekin batera.

Soreasuko Lan Gela, Azpeitiko Udalak egokitutakoa da, eta bulego eta laborategiko lanak han egiten ditu Antxieta Arkeologi Taldeak. Kideak asteazkenetan biltzen dira (21:00-23:00), eta edozeinek ditu ateak irekita. Foru Aldundiak, Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Kutxa Fundazioak betetzen dituzte taldearen diru beharrak. 

Jarduera: aurkikuntza garrantzitsuenak:

  • Ekain (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Deba-Zestoa).
  • Danbolinzulo (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Zestoa).
  • Erlaitz (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Zestoa-Deba).
  • Astuigaina (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Zestoa).
  • Sustraixa (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Lastur, Deba),
  • Agarre (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin eta Arte-Pieza Higikorrak, Mendaro).
  • Aixa (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia Labar Artearekin, Itziar, Deba).
  • Ezkuzta (Goi Paleolito eta Erdi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia eta Arte-Pieza Higikorrak, Azpeitia).
  • Irikaitz (Goi Paleolitoko eta Behe Paleolitoko Aire Libreko aztarnategia, Zestoa).
  • Arnaileta (Behe Paleolitoko haitzuloko aztarnategia, Errezil).
  • Amalda-III (Erdi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia, Zestoa),
  • Urkulu (Erdi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia, Lastur, Deba).
  • Errailla (Goi Paleolitoko haitzuloko aztarnategia, Aizarna, Zestoa). 

Liburua. Antxieta arkeologi taldea. 50 urte lanean gozatuz. 1965-2015.

Elkarrizketa (2022-7-28, Uztarria.eus). Hiru esan:

  • “Proiektu propioen artean, labarretako arte miaketak eta arkeologia miaketa orokorrak ditugu esku artean, Urola, Deba eta Oria bailaratan. Gu bailara horietan ibiltzen gara”.
  • “Arkeologian pazientzia handia izan behar da, segitzea eta segitzea da kontua. Baina lanak fruituak ematen ditu, emaitzak datoz”.
  • “Herri baten sustraien berri ematen du arkeologiak, aztarnen berri. Eta zeuk ikertzen duzu, ez zaizu inor ari idazten edo esaten zein den aztarna, zergatia… Zeu ari zara”.