600 bazkidetza prozedura hasita, bihar itxiko dute Ekindarren bulegoa

Julene Frantzesena 2022ko api. 7a, 08:29
Ekindarren bulegoko irudi bat.

Bi asteko epean "aurreikuspen guztiak hautsi" dituztela azaldu dute Ekindarren sustatzaileek. Oraindik bazkide egiteko interesa duten herritarrek badute prozesua hasteko aukera Ekindar.eus webgunean, baina horiek erreserbako zerrendan geldituko dira. Bazkide egiten ari diren herritarrek hilaren 27an eta 28an sinatu ahal izango dute prozesua bukatzeko kontratua.

Martxoaren 17an ekin zion Ekindar energia kooperatibak bazkidetza kanpainari, eta bi asteko epean "aurreikuspen guztiak hautsita", bihar, ostirala, itxiko dute bazkidetzarako Goiko kalean zabaldu zuten bulegoa. Azpeitiko Udalak azaldu duenez, bazkidetza kanpaina bi hilabetez irekita izatea aurreikusten zuten proiektuaren sustatzaileek, baina dagoeneko 600 familia inguruk hasi dute bazkide egiteko prozesua, eta "momentuz" eten egingo dute kanpaina.

Oraindik bazkide egiteko interesa duten herritarrek badute prozesua hasteko aukera Ekindar.eus webgunean. Dena den, horiek erreserbarako zerrendan sartuko dituzte, dagoeneko izena eman duten 600 lagun horien erantzunak jaso eta familia gehiagorentzat lekurik ba al den argitu bitartean. Gainera, bazkide gehiagorentzat lekurik baldin bada, proiektutik kanpo gelditzen diren interesatuei izena emandako hurrenkeraren arabera eskainiko diete bazkidetza prozesua hasteko aukera.

Bestalde, dagoeneko bazkidetza prozesua hasita duten baina ordainketa egiteko duten herritarrek apirilaren 25a izango dute horretarako azken eguna. Ekindarren sustatzaileek azaldu dutenez, ordurako ordainketa egiten ez duenak bazkide egiteko asmorik ez duela ulertuko dute.

Hasierako aurreikuspenen arabera, 450 bat bazkide inguru beharko zirela uste zuten Ekindarren sustatzaileek, baina bazkidetza prozedura hasi dutenen batez besteko kontsumoa ikusita, 610 bat bazkiderentzako lekua izatea aurreikusten dute horiek. Proiektuaren sustatzaileak "oso gustura eta eskertuta" daude herritarrek emandako erantzunarekin eta proiektuak piztu duen interesarekin nahiz jaso duen babesarekin. 

Kontratu sinaketak hil bukaeran

Bazkidetza kanpainako lehen hiru asteetan 600 familiak hasi dute bazkidetza prozedura, eta horien erdiak baino gehiagok egin dute ordainketa dagoeneko. Horiei kontratua sinatzea baino ez zaie falta prozesua bukatzeko, eta Ekindarren sustatzaileek zehaztu dute dagoeneko horretarako data: apirilaren 27an eta 28an gauzatuko dituzte kontratu sinaketak Azoka Plazako lehen solairuan, 10:00etan, 15:00etan eta 19:00etan.