Karnabalak 2022

Mozorroen desfile koloretsua eta jendetsua, Astelehen Karnabala alaitzeko

Ihintza Elustondo eta Anartz Izagirre 2022ko ots. 28a, 14:04

Eguraldi ona lagun, dozenaka herritar atera dira eguerdian mozorroen desfilean, eta ohi bezala askotariko jantziak ikusi ahal izan dira kalean.

Astelehen Karnabala da gaur, eta goizean goizetik hasita giro ederra nagusitu da herrian. Hasteko, zezen txikiak eta poniak egon dira plazan, eta horren ostean mozorroen desfile jendetsua egin dute herriko kaleetan zehar. Azken orduko ezbehar bat medio aldatu egin dute ibilbidea, eta plazatik abiatuta hainbat kale gurutzatu dituzte haurrek, gazteek zein helduek. Beti bezala askotariko mozorroak egon dira herritarren artean; ohiko sorginez, piratez eta indiarrez gain beste hainbat jantzi original ere ikusi ahal izan dira desfilean, eta karrozak ere bai.

Jaiak ez du etenik izango gaur, 16:30ean sokamuturra izango baita herriko kaleetan zehar, eta Hemendikara zirku ikuskizuna ere izango da, 17:00etan, Matxinada plazan. Beranduago ere izango da zertaz gozatua, mozorro lehiaketa eta musika ekitaldia izango baitira iluntzean. Honako lotura honetan ikus daiteke gaurko egitaraua.