Mendeko eta adineko pertsonentzako etxez etxeko zerbitzu integral berria aurkeztu dute

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 25a, 16:09

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua eta Nagore Alkorta alkatea, gaur udaletxean egin duten agerraldian. (Mailo Oiarzabal)

Urte hasieratik martxan du udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, oraindik etxean bizitzeko gai diren edo horretarako hautua egin duten menpeko pertsonen zaintzarako formula "berria eta berritzailea". Nagore Alkorta alkateak eta Maite Peña diputatuak azaldu dituzte proba pilotu gisa abiatu duten egitasmoaren nondik norakoak. 27 herritar artatzen ditu momentuz.

Adinekoei eta mendekotasuna duten herritarrei eskaintzen dien etxez etxeko zerbitzuan urrats berriak egiten hasi da Azpeitiko Udala. Urtarriletik martxan dago Azpeitian etxez etxeko zerbitzu integrala deitu dutena, oraindik etxean bizitzeko gai diren edo horretarako hautua egin duten mendeko pertsonen zaintzarako formula "berria eta berritzailea". Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin jarri du martxan zerbitzu berria, eta Nagore Alkorta alkateak eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak agerraldia egin dute gaur egitasmoa aurkezteko.

Etxean bizitzen jarraitzea erabakitzen duten adinekoen eta mendekoen zaintza "askotan familiarengan gelditzen" da, gaurko aurkezpenean nabarmendu duten gisa. Zerbitzu berriarekin, ordea, etxean zainduak izatea erabakitzen dutenei arreta profesionala eta zerbitzu publikoa "365 egunez, 24 orduz" bermatzea da helburua Eguneko unitatea eta gaueko laguntza izan dira eta dira oraindik udalaren ohiko etxez etxeko zerbitzua jasotzen dutenek eskura dituzten aukerak. Joan den hiletik, ordea, 27 herritar zerbitzu integral berria jasotzen ari dira, bakoitzaren premietara egokituta. Dagoeneko eskura dituzten baliabide publikoez gain, pertsona horiei  "erreferentziazko pertsona bat" izendatu diete; gainbegiratze eta larrialdi zerbitzua eskainiko die pertsona horrek. Horrez gain, psikologo bat ere joango zaie astean bitan etxera. "Gainbegiratze pertsonala, gizarte laguntza, larrialdiko arreta eta psikosimulazio arreta" jasoko dute beren bizitokian zerbitzu integralaren hartzaileek.

Proba pilotu gisa jarri dute martxan etxez etxeko zaintza zerbitzu integrala; mendekotasun maila txikiena duten eta bakarrik bizi diren pertsonak hautatu dituzte lehen fase horretan zerbitzua martxan jartzeko, gaurko agerraldian azaldu dutenez. "Momentuz, harrera oso ona" izan du zerbitzu berriak, eta "pixkanaka zerbitzuak hobetzen eta egokitzen" joatea da erakundearen asmoa.

Adinekoen hautua erakundeen lan ildo

"Mendeko pertsonen garapenean lagungarri eta lasaigarri den zerbitzu integrala eskaintzeko pausoa eman da zerbitzu horrekin, eta etxean bizi diren pertsonen hauskortasun egoerak aurreikusteko tresna garrantzitsua izango da, gainera", adierazi du Peña diputatuak Azpeitian eskaintzen hasi diren zerbitzuaz.

Azpeitian egiten ari diren moduan, Gipuzkoako beste hainbat udalerritan ere adinekoei behar duten arreta beren etxeetan ematera bideratutako egitasmoak sortzen eta garatzen ari direla esan du Peñak, eta Aldundiak jarraitu nahi duen ildoa ere horixe dela gaineratu du, "tokian tokiko proiektu esperimentalak bultzatzea, eta horietatik lurralde mailara iristea". Mendekotasunen bat duten adineko gipuzkoarren "hamarretik zortzik" beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, Aldundiak egindako azterketen arabera. "Horregatik, helburu bezala finkatu dugu 2030erako mendekotasuna duten eta laguntza premiak dituzten pertsonen %85 beren etxeetan bizitzen jarraitzea", esan du diputatuak. Beste datu bat ere eman du: mendekotasun laguntzen eta prestazioen konbinazioari esker, adinekoen egoitza zentroetara sartzea bost urtera arte atzeratzen da, "batez ere, laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa, etxez etxeko zerbitzua eta laguntza teknikoak bateratzen badira".

Azpeitiko alkateak, bere aldetik, zahartzaroarena udalak bere plan estrategikoan jasotako "erronka handienetakoa" dela gogoratu du. Herritarrek une bakoitzean izan ditzaketen "beharrak ezagutzea ezinbestekoa" da, Alkortarentzat, eta erakundeei dagokie behar horiei "kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuz erantzutea". Alkatearen aburuz, "pertsona bakoitzari, eta kasu honetan menpekotasunen bat duten edo hauskortasun egoeran dauden pertsonei, arreta pertsonalizatu, integral eta espezifikoak eskaintzea da helburua", eta zerbitzu berriarekin, "etxean bizitzea erabaki duten herritarrek beren garapenerako lagungarri izango zaien arreta egokia jasotzeko aukera dute etxean bertan".

Bai Alkortak, bai Peñak, ordezkatzen dituzten bi erakundeen arteko elkarlana goraipatu dute, eta gaur aurkeztu duten egitasmo berria "zaintzaren eremua bere osotasunean aztertu eta tokiko arreta ekosistema egoki bat osatzeko" egiten ari diren lanaren barruan kokatu dute, joan den azaroan aurkeztu zuten Perdillegiko azpiegitura bezala.

2022ko aurrekontuan 700.000 euroko partida berria sortu du Aldundiak etxean emandako zaintza sustatzeko. Azpeitian lehen urratsak egiten hasi den etxez etxeko zerbitzu integralaren aurrekontua, berriz, 91.736 eurokoa da, eta Aldundiak 56.250 euroko laguntza eman du egitasmoa berria finantzatzeko.