Uholdeen kontrako obra proiektua idazteko lehiaketa ireki du Uraren Euskal Agentziak

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 10a, 16:03
Damasoneko zubia. (Mailo Oiarzabal)

Proiektuak Urola, Ibaieder eta Errezil ibaietan aurreikusi dituzten hainbat lan eta aldaketa jaso beharko ditu, besteak beste, Damasoneko zubia eraistea eta Landeta hiribideko zubia bota eta berri bat eraikitzea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan uholde arriskuak saihesteko datozen bost urteetan egitea aurreikusi dituen lanak eta inbertsioa aurkeztu zituen joan den astean Uraren Euskal Agentziak. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako erakundeak aurkeztutako plangintza horrek Azpeitian, Urola, Ibaieder eta Errezil ibaietan, egin asmo dituzten hainbat esku-hartze jasotzen ditu, eta horietarako obra proiektua idaztea lehiaketara atera duela jakinarazi berri du Uraren Agentziak.

"Uholdeetatik babesteko proiektu horrek 7.000 biztanlek egun pairatzen duten uholde arriskua murriztu beharko du, eta gaur egun uholde arriskuaren eraginpean dauden hiri eta industria erabilera garrantzitsuen segurtasuna areagotu. Aldi berean, proiektua diseinatu beharko da ibilguetan eragin hidromorfologikoak ahalik eta gehien gutxituz, hartara Gipuzkoako hiru ibai horien egoera ekologikoa zaintzeko", azaldu du Uraren Agentziak lizitatu duen obra proiektuaren idazketaz.

Uholdeei aurre egiteko planean Azpeitirako jasotako aurreikuspenak hainbat lan eta aldaketa esanguratsu ditu, baina "proiektua zehazteke" dagoela berretsi dute Uraren Agentziakoek, aurreikuspen horiek gorabeherak izan ditzaketela iradokiz. Urola ibaian, "Enparan eta Julian Elorza zubien egokitzapena aurreikusi beharko da, baita Magdalena auzoko pasabidea eraistea ere, egitura horiek korrontearen fluxua oztopatu ez dezaten", dio agentziak idatziko den obra proiektuak osatu beharreko jardun arloez ari dela; "Magdalenako pasabide" hori Damasoneko zubia da.

Ibaiederri dagokionez, obra proiektuan "zehaztu beharko da nola ezabatu edo ordezkatu ibaiaren fluxuari jarritako bi oztopo: bi presa txiki, ibilguaren gaineko egitura zahar bat, oinezkoentzako pasabide bat eta Landeta Hiribideko zubia. Azken horren ordez, ahalmen hidrauliko handiagoa duen beste bat jarri beharko da goiko uren emarietarako".

Errezil errekan, azkenik, "presa txiki bat eta pasabide bat eraitsiko dira, Ibaieder ibaiarekin bat egiten duen lekutik gora".