Azpeitian uholde arriskua saihesteko hainbat lan egitea aurreikusi du Uraren Euskal Agentziak

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 1a, 16:35
Julian Elorza zubian egokitzapen lanak egitea aurreikusi dute. (Mailo Oiarzabal)

Datozen bost urteetan 3,1 milioi euro bideratuko ditu Urola eta Ibaieder ibaietan eta Errezil errekan uholdeen aurkako defentsarako proiektuetara. Besteak beste, Madalenako pasabidea eraistea, eta Landeta hiribideko zubia bota eta berri bat eraikitzea aurreikusten dute.

Uraren Euskal Agentziak iragarri du datozen bost urteetan 101 milioi euro inbertituko dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ibai, erreka eta ibarretan uholde arriskuak saihesteko lanetan. 2022-2027 epealdirako aurreikusitako inbertsioaren zati bat, 3,1 milioi euro, Azpeitian hainbat esku-hartze egiteko bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzaren mendeko agentzia horrek. Aurkeztutako plangintzaren arabera, Urola eta Ibaieder ibaietan zein Errezil errekan egin asmo ditu lanak Uraren Euskal Agentziak.

"Korronteen fluxua" oztopa dezaketen egiturak eta oztopoak kentzea, egokitzea edota ordeztea da Uraren Euskal Agentziak Azpeitirako aurreikusi dituen lanen xede nagusia. Herrigunean, Enparan eta Julian Elorza zubiak egokitzea eta Madalena auzoko pasabidea eraistea aurreikusten dute, baita "eremu zehatzak babesteko elementuren bat jartzea" ere. Oztopoak kendu eta ordeztuko dituzte Ibaieder ibaian ere, "hala nola bi presa txiki eta ibilguaren gaineko egitura zahar bat, oinezkoentzako pasabide bat, eta Landeta hiribideko zubia. Azken horren ordez, ibaiaren funtzionamendu hidrauliko egokiarekin bateragarria den beste bat jarriko da". Azkenik, Errezil errekan beste bi presa txiki eta pasabide bat eraistea aurreikusten dute, "Ibaieder ibaiaren elkargunetik gora". Urbitarte auzoa ere aipatzen dute esku-hartzeen zerrendan, baina inguru horretarako ekintza zehatzik ez dute izendatu oraingoz.

Dena den, "aurreikuspenak" dira momentuz Uraren Agentziakoek esku artean dituzten horiek, ez dago ez epe eta ez proiektu zehatzik.