Unai Alberdik ezin izan du debuteko partida irabazi

Andoni Elduaien 2022ko urt. 22a, 09:44

Bengoetxea VI.ak eta Uriondok 22 eta 17 menderatu zituzten Alberdi II.a eta Aretxabaleta. Partidaren amaieran, Azpeitiko Udalak eta Ilunpe pilota elkarteak Bengoetxea VI.a omendu zuten pilotan egindako ibilbideagatik; Izarraitz pilotalekuan bildutako pilotazaleek zutik agurtu zuten Leitzako (Nafarroa) pilotaria.

Unai Alberdi pilotari azpeitiarrak atzo, ostirala, jokatu zuten profesional mailako lehen partida. Herritarrek erantzun ona eman zioten jaialdiari; izan ere, hainbat eta hainbat lagun izan ziren Izarraitz pilotalekuan. Pilotazaleek, baina, ezin izan zuten Alberdi II.a garaipenera bideratu: 22 eta 17 galdu zuten Alberdi II.ak eta Andoni Aretxabaletak osatutako bikoteak, Oinatz Bengoetxearen eta Endika Uriondoren aurka.

Familiakoek, lagunek eta herriko pilotazaleek egindako pankartak babes zituela eta horien guztien animo oihuak bultzatuta aritu zen Alberdi II.a debutean. Tanto eder bat baino gehiago ere egin zituen aurrelari azpeitiarrak, nola txokoan hala zabalean, baina horiek ez ziren nahikoa izan aurrean zuen Bengoetxea VI.a menderatzeko.

Bengoetxea VI.ak datorren larunbatean, hilak 29, jokatuko du profesionaletako azken partida, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Hori horrela, leitzarrak Azpeitiko Udalaren eta Ilunpe pilota elkartearen omenaldia jaso zuen atzoko partidaren amaieran. Xebastian Lizaso bertsolari azpeitiarrak bi bertso kantatu zizkion aurrelari nafarrari, eta ondoren, Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak oroigarri bat eman zion, Azpeitiko herriaren izenean.

Omenaldia amaitu bezain laster hasi zen bigarren partida, eta lehia bikote urdinak irabazi zuen. Jaka eta Mariezkurrena II.a nagusi izan ziren Izarraitzen. Aise hasi ziren irabazten, nahiz eta gorriek markagailua estutu zuten partidaren erdian. Ordutik aurrera, ordea, Jakak eta Mariezkurrenak erraz bideratu zuten partida, 22. tantorara iritsi arte.