Unai Alberdi: "Gaur egun ez da batere erraza profesionaletan mantentzea"

Julene Frantzesena 2022ko urt. 21a, 08:11
Unai Alberdi pilotaria Frontoi Txikian. (Julene Frantzesena)

Unai Alberdi (Azpeitia, 2002) pilotariak gaur egingo du profesionaletan debuta, Izarraitz pilotalekuan. 22:00etan hasiko da  jaialdia, eta azpeitiarrak Aretxabaletarekin batera jokatuko du Bengoetxea VI.aren eta Uriondoren aurka. Baiko enpresarekin bide berriari ekiteko gogoz dago Alberdi II.a.

Gaur egingo duzu profesionaletan debuta. Nola zaude?

Momentuz lasai nago, partida jokatzeko gogoarekin. Gogotsu nago oso. Pilotari guztiok txiki-txikitatik horixe nahi izaten dugu,  profesionaletara iristea, eta lortu dudanez, beste helburu batzuk jarri beharko dizkiot nire buruari.

Zure anaiak egin zuen gisan, Bengoetxea V.a izango duzu aurkari profesionaletako lehen partidan. Haren agurreko partida izango da, gainera. Berezia izango al da?

Bai, oso. Debutatu egingo nuela esan zidatenean, Oinatzen [Bengoetxea] kontra jokatzea eskatu nuen; hori izan zen galdegin nuen aurreneko gauza. Bengoetxeak esana zuen ibilbidearen bukaera zuela, eta anaiaren aukera bera izan nahi nuen nik ere. Oso-oso gustura nago haren aurka jokatuko dudalako.
Etxean egingo duzu debuta, gainera.

Askok ez dute herrian jokatu nahi izaten, baina ni gustura ariko naiz etxean. Inguruko jende ugari joango da, sarrerak ere martxan onean ari dira saltzen, eta ea giro polita sortzen den.

Urte gutxiren buruan, Ilunpeko hiru pilotari iritsi zarete profesionaletara. Zer esan nahi du horrek?
Lan handia egin dutela bai klubak, bai gurasoek. Frontoi Txikitik hiru profesional ateratzea ez da erraza, neguan-eta egiten duen hotzarekin [barrez]. Egindako lana asko eskertzen diet laguntzen aritu diren guztiei.

Anaia eta biok ariko zarete profesionaletan, parez pare.

Polita izango da. Pike kontuak aipatzen dizkigute, baina pilotariren baten kontra galtzekotan, harexen aurka izatea nahiko nuke. Hark irabazitako bakoitzean poztu egin izan naiz, eta orain zergatik ez naiz ba poztuko? Etxeko bik elkarren kontra jokatzea oso polita izango da. 

2018an, debuta egin berritan, elkarrizketa egin zion Uztarriak zure anaiari, eta zera esan zuen hark: "Etxeko beste bat profesionaletara iristea ederra izango litzateke. Baina, ahal dela, nik irabaztekotan, e".

Nik ere gauza bera esango dut: behin hona iritsita, nahiago dut nik irabaztea, noski. Makina bat ordu pasatu ditugu elkarrekin frontoian, eta bera pilotari izan ez balitz, ni ere ez nintzatekeen izango ziurrenik. Bizitza guztia anaiari segika ibili naiz, eta egia esan, asko irakatsi dit.

Bide berria hasterako, eman al dizu aholkurik?

Debutean lasai jokatzeko eta gozatzeko esan dit, eta hortik aurrera, etorriko da etorri behar duena.

Zer da zuretzat profesionaletara iristea?

Beste maila batean aritzea. Hemendik aurrera, seriotasun berberarekin ariko naiz, baina beste errespetu batekin. Prentsa, telebista eta abar gertuago izango ditut, eta exijentzia maila izugarria izango da; erritmoa, materiala, aurkariak... Aurkaririk txarrena ere ikaragarri ona da profesionaletan. Ea egonkortzen naizen maila horretan.

Asko kostatu al zaizu honainoko bidea egitea?

Ez da erraza izan, lan asko egin behar izan dut. Zortea ere behar da, handia, eta etxekoen laguntza ere izan dut. 

Dena den, urte batzuk badira Baikorekin entrenatzen hasi zinela.

Bai, 2015-16an sinatu nuen aurrekontratua Baikorekin, eta orduz geroztik, hor nabil. Azken bi-hiru urteetan profesionalekin aritu naiz entrenatzen, eta egia esan, nahiko ondo sentitzen naiz. Uste dut jauzia egiteko une egokia izan daitekeela hau. 

Zer ikasi duzu urteotan?

Gauza asko. Pablo Berasaluzerekin aritu naiz astean bitan entrenatzen Bilbon, eta hark asko irakatsi dit pilotan jokatzen. Bestalde, lagun asko egin ditut pilotan hasi nintzenetik hona, eta horixe azpimarratu nahiko nuke; izan ere, txapelek-eta poz handia ematen dute, baina aldageletan sortzen den giroak ez du parekorik.

Baikorekin aurrekontratua egin zenuenetik orain arteko bideaz zer balorazio egiten duzu?

Oso ona. Txikitan argazkia ateratzeagatik edozer egingo nukeen pertsonak lankide ditut orain. Hori oso polita da. Aurreneko entrenamenduak gogoan ditut: izugarrizko ilusioarekin joaten nintzen, eta beti oso ondo hartzen ninduten. 

Orain aurkari izango dituzu...

Bai, hala da, eta agian, ez diet hainbesteko ilusioarekin egingo kasu. Partida irabaziz gero, agian, bai, baina ordura arte... [barrez]. 

Zer helburu jarri diozu zure buruari?

Momentuz, partida dezente jokatzea eta profesional mailan egonkortzea, baita maila txukunean aritzea ere.

Debuta egitea gauza bat da, eta maila horretan mantentzea beste bat, ezta?

Bai, hala da. Gaur egun profesionaletan mantentzea ez da batere erraza; zaila dago kontua. Izan ere, pilotari gazte asko bidaltzen dituzte enpresek kalera. Zerbait berezia egiten ez baduzu, ez duzu balio. 

Jon Erasun da adibideetako bat.

Pena izan da Erasunena. Bizpahiru urte egin ditut harekin entrenatzen, eta pilotari ona da. Beti kunplitu izan du, eta hain gaztea izanda etxera joatea pena handia da.

Ba al duzu pilotari erreferenterik?

Txititatik Irujo [Juan Martinez de Irujo] izan da nire faboritoa, baina hark pilota utzi egin behar izan zuen bihotzeko arazo batzuk tarteko. Ordutik ez dut beste faboritorik izan. Hori bai, makina bat negar egindakoa naiz Irujok partidaren bat galtzen zuenean. Bolada batean [Aimar]  Olaizola izan nuen entrenatzaile, eta hari ere kontatu izan nion Irujori irabazten zionean negar egiten nuela; beti barre txikia ateratzen zitzaion. Garai hartan Irujozaleak Olaizolaren kontrakoak ziren, eta alderantziz. 

Ametsik bai?

Ez. Bide berrian gozatzea nahi dut, baita maila ona erakustea ere. Eta gaur egun erraza ez bada ere, denbora luzez profesionaletan gozatzea nahiko nuke.