Azpeitiarren doinuak

Garbiñe Bereziartuaren euskal kanta gogokoenak

Uztarria.eus 2021ko abe. 29a, 09:00

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Gabonetako oporraldian, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jasoko ditu Uztarriak. Hau da Garbiñe Bereziartua EHUko ikerlariak osatu duen zerrenda.

  • Berandu dabiltza (Ruper Ordorika)

"Batzuetan ez dakizu abesti bat zergatik gustatzen zaizun, baina izugarri gustatzen zaizu eta zure bizitzako bolada batean maiz entzuten duzu. Hau horietako bat da niretzat".

  • Liluraren kontra (Bertold Brechten poema, Mikel Laboak musikatua eta Berri Txarrakek bertsionatua)

"Kantu eder baten bertsio eder bat gauza ederra da".

  • Ihia (Anari)

"Batzuetan, hitzak eta doinua ondo uztartzean, musika belarrietara baino harago irits daiteke, erraietaraino".

  • Maneki neko katua (Mursego, 100% Oion proiektua)

"Hiru arrazoik bultzatuta aukeratu dut kantu hau. Musika klasikoaren oinarri, neurri batean behintzat, zurrunetik abiatutako musikari bat musika askatasunez gozatzen ikusten dudalako; hitzekin eta musikarekin jolas eginda zer gauza polit egin daitezkeen erakusten didalako; eta musikak pertsonarteko harremanak hobetzen lagun dezakeela gogorarazten didalako".

  • Hementxe dala (Astearte karnabal goizeko diana)

"Batzuetan kantu batek ez du asko behar izaten momentu egokian munduko kanturik onenaren parekoa izateko".