Valentin Larrearen omenezko organo kontzertua izango da etzi parrokian

Anartz Izagirre 2021ko abe. 6a, 08:45
Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da kontzertua.

Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarrak eta Xabier Barriola tenorrak eskainiko dute kontzertua, 17:30ean hasita, parrokian.

Etzi, asteazkena, Valentin Larrea musikari gabiriarraren omenezko organo kontzertua izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokian, 17:30ean hasita —17:00etako mezaren ostean—. Alde batetik, Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarra izango da agertokian, eta, bestetik, Xabier Barriola tenorra.

Arakistainek bere ikerlanagatik jaso duen VI. Musikene-Donostiako Orfeoia Sariarekin du zerikusia emanaldiak, Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lanaren eta bizitzaren berreskurapen bidean deituriko lana gauzatu baitu azpeitiarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu dute kontzertua, eta aurrez, Durangon (Bizkaia) eta Beran (Nafarroa) izan ziren emanaldia eskaintzen.