Ignacio Arakistainek VI. Musikene-Donostiako Orfeoia Saria eskuratu du

Anartz Izagirre 2021ko aza. 20a, 11:27
Ignacio Arakistain.

Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lanaren eta bizitzaren berreskurapen bidean ikerlanagatik jaso du saria Ignacio Arakistainek, eta sari banaketa ekitaldia abenduan egitea aurreikusten dute.

Ignacio Arakistain organo-jotzaileak VI. Musikene-Donostiako Orfeoia Saria eskuratu du epaimahaiaren ahobatezko onespenarekin, Valentin Larrea Iturbe (1876-1970) musikariaren lanaren eta bizitzaren berreskurapen bidean lanari esker. Ikasketa amaierako lan onenaren saria da eskuratu duena, eta sari banaketa ekitaldia abenduan egitea aurreikusten dute.

Goierriko Hitza-n egindako adierazpenen arabera, Esteban Elizondok eman zion Larreari buruzko lana egiteko ideia, eta aurrera jarraitzea erabaki zuen. "Ez nuen ezagutzen Valentin Larrea, noski. Itziar Larrinaga nire lanaren zuzendariari komentatu nion, eta aurrera jotzeko esan zidan. Elena eta Maite Berazadi Larrearekin egon, eta egundoko gogoa ikusi nien. 2019an hasten ari ziren artean, kontzertuekin. Piano piezak bidali zizkidaten, eta formazioz pianista ere banaizenez, polita iruditu zitzaidan, ondo idatzia", azaldu du azpeitiarrak.