Mozioak eta Esklabetako ezker hegalari buruzko galdera

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 3a, 18:04

Bi mozio onartu zituzten atzoko udalbatzarrean: Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) erregulazio berriari buruzkoa, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin; eta Migraziorako Itun Sozialari buruzkoa, aho batez. EAJk Esklabetako ezker hegalean egin dituzten obren gainean galdetu zuen, eta "liskar giroa" sortu nahia leporatu zion Udal Gobernuak.

Euskararen Eguneko adierazpena ez ezik, bi mozio aurkeztu eta onartu zituzten atzo, abenduko udalbatzarrean.

EAJren udal taldeak migraziorako itun sozialari buruzko Jaso nahiko genukeena eskaintzea izeneko mozioa aurkeztu zuen. "Orain arte, Euskadik modu bateratu eta solidarioan erantzun rzan die migrazioaren erronkak dituen agerpenei. Alabaina, populismo xenofoboaren mehatxua hortxe dago. eta bere burua egrturatzeko eta demagogiaren bitartez barreiatzeko asmoa dauka. Migrazrorako Euskal ltun Sozialerako proposamen hau oztopoen eta aukeren testuinguru horretan dago kokatuta", dio mozioaren testuak, besteak beste. Itun horrek izan beharreko helburu etikoak, prebentiboak eta pragmatikoak zehazten ditu mozioak, eta hainbat konpromiso zerrendatzen ditu. Mozioa aho batez onartu zuten, baina EH Bilduren udal taldeak zehaztapena eginda. Izan ere, "asmoak konpromiso bihurtzeko eta ituna garatzeko baliabideak" eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari Nagore Alkorta alkateak, bere taldearen izenean.

Bigarren mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen, eta EAJkoen kontrako botoekin onartu zuten. Udalez udal ari da aurkezten EH Bildu Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) erregulazio berriari buruzko mozioa, eta Azpeitikoaren txanda izan zen atzo. Gasteizko Legebiltzarrean izapidetze fasean dagoen lngurumen Administrazioaren Lege Proiektuari Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zuzenketa batean dago jasota IPGParen figura sortzea, eta zeresana ematen ari da zuzenketa hori, tokiko arauen eta administrazioen gainetik jarriko bailituzke Jaurlaritzaren irizpideak eta asmoak, hainbat proiektu interes publiko goreneko izendatze soilarekin. "Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura lnteres Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago", dio EH Bilduren mozioak. IPGP izendapenak " lurralde antolamenduko eta hirigintza plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra" ekarriko duela dio koalizioak, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) "baliogabetu" egingo duela.

Mozioan, Eudeli eskatzen zaio IPGParen aurka egitea. Azpeitiko alkateak azaldu zuenez, lngurumen Administrazioaren Lege Proiektuari oniritzia eman zion Eudelek, baina Jaurlaritzaren azken proposamen hori jaso aurretik. "Horregatik, berriro Eudeletik pasatzea eskatzen dugu", zioen atzo Alkortak. Alkatearentzat, izan ere, "horrelako erabakiak atzeko bidetik hartzea larria da". IPGPak aurrera egitea "tokiko  autonomia guztia eta EAEko eskema instituzionala zapaltzea" litzateke, "errespetu falta bat". EAJren udal taldea, aldiz, Jaurlaritzaren asmoen alde agertu zen. Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko hartu beharko diren neurrien kasuan, "helburu amankomun hori ezin da egon tokiko interesan menpe", jeltzaleen ustez, "baldin eta murgilduta gauden klima mehatxuari erantzuteko proiektu estrategikoak oztopatzen baditu".

Esklabetako ezker hegalaz ika-mika

Udalbatzarraren bukaerako galdera-erreguen tartea baliatu zuen EAJk Esklabetako eraikinaren ezker hegalean egin dituzten obra batzuei buruz galdetzeko. Kontseilu Sozialistako kideek okupatutako eremu horretan egin dituzten obrak baimenik gabe egin al diren, eta "zerbait pasatuz gero, noren ardura" litzatekeen galdetu zuen Amaia Etxeberriak.

Galderaren erantzuna bazekiela, gaiaz "aurpegiz aurpegi" hitz eginda daudela eta udalbatzarrera eramanda "liskar giroa" sortu nahia leporatu zioten jeltzaleen bozeramaileari alkateak eta Josu Labaka zinegotziak. Esklabetako gune horretan bizi direnak "juridikoki prekarioan" daudela gogoratu zuen Alkortak, udalak obrak egiteko baimenik ez zuela eman azaltzerakoan; "ez dute inolako eskubiderik jasoko egiten duten erabiliera probisional horregatik", gehitu zuen Alkortak, eta obra horiek egiteko baimena emanez gero udala "zerbait kontsolidatzen ariko litzatekeen ala ez" zalantza sortu zitzaiela azaldu zuen. "Galdera ez dator jakin nahitik, gai bat astintzeko nahitik baizik", gaineratu zuen Labakak, eta "liskar giroa sortzeak Azpeitiko herriari ekarpenik ez" diola egiten esan zuen. Esklabetako ezker hegalean zerbait gertatuz gero erantzukizuna norena den galdetu zuen berrio Etxeberriak, eta "badakizue udalaren eta alkatearen gain dagoela, udal eraikina den momentutik", erantzun zion Labakak. Ardura udalarena dela bazekiela aitortu zuen Etxeberriak, baina udalak ez al duen "ezer egin behar" galdetu zuen orduan, eta giroa nahasteko asmoa leporatu zion berriro Alkortak, alderdi jeltzaleak egunotan etxez etxe banatu duen argitalpenaren gaineko erreferentzia gehituta. Bukatzeko, Labakak esan zuen "garbi" dagoela Udal Gobernua ez dagoela "batzuen egiteko moduekin ados"; Esklabetako ezker hegalaren aferan Udal Gobernua hasieratik "elkarrizketaren bidean ahalegindu" dela adierazi zuen zinegotziak, eta EAJ egoeraren jakinaren gainean egon dela beti.