Koronabirusa Azpeitian

Osasun larrialdia indarrean da berriz, eta neurri berriak zehaztuko ditu Labik arratsaldean

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 3a, 09:46

Gauerditik larrialdi egoeran daude hirugarren aldiz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Iñigo Urkullu lehendakariak Labi bilerara deitu du gaur 16:30erako.

Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean jakinarazi zuen Iñigo Urkullu lehendakariak atzo bertan ezarriko zuela larrialdi egoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta gauerditik da indarrean. COVID-19aren inguruko datuek okerrera egin dute azken asteetan, eta horregatik hartu dute erabakia. Hiru lurraldeetan osasun larrialdia ezartzen duten hirugarren aldia da.

Larrialdi egoera ezartzeaz gain, Labi bilerara deitu du Urkulluk gaur 16:30erako. Pandemia kontrolatzeko neurriak ezartzen dituen batzordea da Labi.

Bestalde, Espainiako Auzitegi Gorenak baimena emana dio Jaurlaritzari 50 bezero baino gehiagoko jatetxeetan eta gaueko aisialdian osasun ziurtagiria eskatzeko, eta baimen hori ofiziala izateko zain da Jaurlaritza, neurria indarrean jartzeko.