Abenduaren 15ean aurkeztuko dute Ekindar energia kooperatiba

Julene Frantzesena 2021ko aza. 26a, 14:09
Ekindar kooperatibaren eragile sustatzaileetako ordezkariak Sanagustin kulturgunean. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko energia kooperatibaren sustatzaileek herritarren parte hartze aktiboa sustatzeari eta kooperatiba osatzeko prozesuari ekingo diete. Hilaren 15eko bilkura proiektuarekiko interesa duten herritarrei zuzendutakoa izango da; Sanagustinen egingo dute, 19:00etan hasita.

Lehen urratsak eginda, Ekindar Azpeitiko energia kooperatibaren sustatzaileek herritarren parte hartze aktiboa sustatzeari eta kooperatiba osatzeko prozesuari ekingo diete. Horrenbestez, abenduaren 15ean, asteazkenean, proiektuarekiko interesa duten herritarrentzako bilera deitu dute; Sanagustin kulturgunean izango da bilkura, 19:00etan.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Mondragon taldeko Krean erakundeak joan zen otsailean aurkeztu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan zein eskualdeetan energia arloko kooperatibak bultzatzeko asmoz sortutako Ekiola proiektua Azpeitian. Energia autokontsumorako lehen kooperatiba Azpeitian sortuko zutela iragarri zuten, eta lehen pausoak emanda, errealitate bihurtzear da proiektu hori. Izan ere, otsailaz geroztik, Azpeitiko proiektua garatzen, kooperatiba sortzen eta izapide administratiboak egiten aritu dira herriko hainbat erakunde eta eragile.

Hain zuzen ere, gaur, ostiralarekin, Sanagustinen izan dira Ekindarren sustatzaile nagusiak, eta horiek proiektuaren gaineko xehetasunak eman dituzte. Han izan dira Azpeitiko Udaleko, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Mondragon taldeko Krean kooperatibak osatzen duten Ekiolako, Bertan merkatari elkarteko, Artxara kooperatibako, Kulturaz kooperatibako, Urola Ikastola BHIko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko, Iraurgi Ikastetxeko eta Usurbilgo Lanbide Eskolako ordezkariak.

Herritarrak bazkide

Energiaren demokratizazioan eta trantsizio energetikoan eragiteko helburuz sortu dute Ekindar, haren sustatzaileek azaldu dutenez, eta energia sorkuntzarako aukera berritzaileak aztertzeko eta garatzeko bitartekoa izan nahi du kooperatibak. Horretarako, Azpeitiko lursail batean eguzki panelen instalazioa eraiki eta martxan jarriko dute, modu horretan herriko 450 familiaren edota merkatari txikiren elektrizitate beharrei erantzuteko.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Ekindar, eta erakunde hori %100 azpeitiarrena izango dela kilometro 0 energia berdea sortuko duela adierazi dute haren bultzatzaileek. Bazkide egiten diren herritarrek 25 urterako argindarra sortzeko gaitasuna duen instalazio bateko kooperatibista izango dira. Gainera, horiek ohi baino merkeago eskuratu ahal izango dute argindarra, eta egindako diru ekarpena urte gutxiren buruan amortizatu ahal izango dutela jakinarazi dute proiektuaren sortzaileek.

Halaber, klima aldaketari aurre egiteko tresna izango da kooperatiba, gaur Sanagustinen elkartu diren eragileetako ordezkarien arabera. "Faktore askok dute eragina horretan, baina energiaren sorkuntza gako garrantzitsua da. Beraz, klima aldaketari aurre egiteko ezinbestekoa da trantsizio energetikorako pausoak ematea, hau da, energia kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien alde egitea. Azpeitian, elkarlanean egin nahi da bide hori". Gainera, egungo merkatu logikaren alternatiba ere izango da Ekindar. "Energiaren demokratizazioa bultzatuz, bizi dugun injustizia gainditzeko eta bestelako gizarte eredu bat erakitzeko bidea izango da".