Azpeitian sortuko dute Ekiolak sustatutako energia autokontsumorako lehen kooperatiba

Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa Hernaniko Txillida Leku museoan. (Azpeitiko Udala)

Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak Ekiola sozietatea eratu dute, udalerrietan zein eskualdeetan autokontsumorako parke eoliko txikien kooperatibak bultzatzeko. Kooperatiban biltzen diren herritarrak izango dira jabe, ekoizle zein kontsumitzaile. Azpeitia izango da horrelako egitasmo bat martxan jarriko duen aurreneko herria.

Europako Batasunak 2030erako helburu gisa jarri du kontsumitutako energiaren %32ak "autosortua" izan behar duela, eta, xede hori lortzeko bidean, herritarrak inplikatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak. Ekiola sozietatea eratu dute EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Mondragon Taldeko Krean erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan zein eskualdeetan energia arloko kooperatibak bultzatzeko asmoz. Sozietate horrek autokontsumorako 1-1,5 MWh ekoizteko gai diren eguzki parke txikiak bultzatuko ditu, eta kooperatiban biltzen diren herritarrak izango dira haren jabe, ekoizle zein kontsumitzaile. Azpeitia da gisa horretako proiektu bat martxan jarriko duen lehen udalerria.

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Hernaniko Txillida Lekun. Han izan dira Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburua, Iñigo Uzin Mondragon taldeko lehendakaria, Jon Berbel Krean erakundeko zuzendari nagusia eta baita baita Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere. "Guretzat pozgarria da duela urtebetetik lanean ari garen proiektu batean eta egiteko modu batera beste erakundeak batzea eta elkarlanean aritzea. Eta poza ematen digu Azpeitian abiatuko den proiektu hau herriz herri zabalduko dela jakiteak", adierazi du Alkortak. Azpeitiko Udalak urtebete inguru darama Krean erakundearekin lanean.

Tokiko ekonomia, herritarren ekonomia eta ekonomia berdea sustatzea helburu dituen proiektua da Ekiola, eta Alkortaren esanetan "ingurumena babesteko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko burujabetza energetikoaren baitan aurrera pauso garrantzitsua izango da". Proiektuak egiteko modu berri bat ekarriko duela azpimarratu du, eta horregatik izango dela garrantzitsua. "Herritarrekin batera publikoa eta komunitatea uztartuz" modu kooperatiboan aritzeko bidea izango dela nabarmendu du.

Azpeitiko Udalak datorren astean emango ditu jakitera herrian garatzen ari diren proiektuaren inguruko xehetasun gehiago.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide